Gorpuzti jaien txupinazoa barikuan izango bada ere, etzi, Gorpuzti egunean, mezan elkartuko dira ibarrangelutar fededunak, eguerdian. Mezatik irten ostean, trikiti doinuekaz girotuko dute San Andres elizaren ingurua.
Barikuan, herriko itsasgizon eta arrantzale izandakoek 20:00etan jaurtiko dute txupina. Izan ere, garai batean Ibarrangeluko etxe guztietan zegoen itsasoagaz lotura zuen senideren bat. “Gure herrian gehienak baserritarrak eta marinoak ziren, itsasoagaz eta arrantzagaz loturiko herria izan da Ibarrangelu, eta horretan zebiltzanak omentzeko ekitaldia izango da txupinazoa”, zehaztu du Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak. Esaterako, orain dela urte asko Ibiña auzoan nautika eskola bat ere izan zutela gogora ekarri du alkateak.
Itsasgizon edota arrantzale izandako 30 bat herritar batuko dira txupina botatzeko, eta ekitaldian
Boga-Boga kantatuko dute.
Txupinazoaren ostean, tabernaz taberna kalejiran batuko dira Ibarrangeluko Trikitixa Eskolako ikasleek gidatuta. Kalejira amaitzean, bertso poteoa egingo dute tabernetatik. Ander Elortegi gernikarra, Onintza Enbeita muxikarra eta Xabat Galletebeitia lekeitiarra ariko dira bertsotan herriguneko tabernetan.
Gauean, berriz, Kuklux txarangak edukiko du Eleizalde auzoa girotzearen ardura.
Zapatuan kontzertuak
Zapatu eguerdiko poteoan ere musika ez da faltako. 12:30ak aldera Bermeoko Erraldoien Konpartsagaz batera, buruhandiak, txistulariak eta gaiteroak ariko dira kalejiran.
Gero, 15:00etatik aurrera herri bazkarian elkartuko dira frontoian. Ohitura legez, bazkalostea erromeriagaz girotuko dute. Obieta eta Esteibarren musikagaz dantzan eta kantuan emango dute arratsaldea.
Halaber, herriko gazteek antolatuta, gazteentzako diskoteka egongo da kultur etxean.
Gauean, berriz, Versus eta Haitzama taldeen musikaz gozatzeko aukera izango dute bertako zein inguruko herritarrek.
Domeka goizean herriko txistularien dianagaz esnatuko dira, eta 11:00etako mezaren ostean, Lorea dantza taldeko kideen emanaldia izango da San Andres elizaren eta udaletxearen aurreko plazan.
Arratsaldean, umeek ondo pasatzeko aukera ederra izango dute, puzgarriak eta
bungee tranpolina jarriko baitituzte Ibaeta auzoan.
Hurrengo asteburua
Ekainaren 4ean egingo dute paella txapelketa. Arratsaldean, ostera, gaztetxoen esku pilotak eta pelota partidak ikusteko aukera izango dute frontoian. Ibarrangeluko, Gautegiz-Arteagako, Eako eta Elantxobeko umeen finalak, eta lehen mailako afizionatuen partida jokatuko dituzte.
Iluntzean, berriz, mariatxi doinuak entzungo dira tabernetan.
Biharamunean, ohitura legez, ibarrangelutarrek mendi martxagaz agurtuko dituzte Gorpuzti jaiak.
Egitaraua:
- Maiatzak 26, eguena (Gorpuzti eguna)
-12:00: Meza santua San Andres elizan. Ondoren, trikitixa.
–
20:00: Txupinazoa. Herriko mariñu eta arrantzale izandakoen eskutik. Ibarrangeluko Trikitixa Eskolako umeekin kalejira tabernaz taberna.
-20:30: Bertso poteoa Eleizaldeko tabernetatik.
-22:30: Kuklux Txaranga Eleizalden.
-12:30: Kalejira: Bermeoko Erraldoien Konpartsa, buruhandiak, txistulariak eta gaiteroak.
-15:00: Herri bazkaria frontoian.
-16:30: Erromeria Obieta eta Esteibar taldearekin.
-22:30: Kontzertuak: Versus eta Haitzama.
-10:00: Diana herriko txistulariekin.
-11:00: Meza nagusia.
-11:45: Lorea umeen dantza taldea.
-17:00: Umeentzako puzgarriak eta
bungee tranpolina Ibaetan.
- Ekainak 4, zapatua
-12:00: Paella txapelketarako izen ematea Eleizalden.
-14:00: Paellen aurkezpena. Ostean, trikitixa.
-17:00: Gazteen esku pilota eta pala partidak frontoian.
-20:30: Mariatxiak tabernaz taberna.