Bizkaiko trainerillen bandera Zierbenako eta Kaikuko arraunlariek lortu dute; hurrenez hurren, nagusien eta gazteen mailan. Txapelketa Ondarroako uretan lehiatu da asteburuan.
Zapatu [maiatzak 21] arratsaldean sailkapen fasea jokatu zen gazte zein nagusi mailan. Gazte mailan, esaterako,
sei trainerillak parte hartu zuten estropadan, eta hortik, bost sailkatu ziren domekako [maiatzak 22] finalerako. Estropadan parte hartu zuten ontzietatik Isuntza finalean parte hartzeko aukera barik geratu zen, eta Kaiku, Portugalete, Deustu, Zierbena eta Getxo, ostera, hurrengo jardunaldirako sailkatu ziren.
Bizkaiko trainerilla txapelketa, Ondarroan. Argazkia: Ondarroa Arraun Elkartea
Nagusi mailan, aldiz,
hamar trainerillak parte hartu zuten txapelketako sailkapen fasean. Finalerako aukerarik barik geratu ziren Portugalete, Arkote, Isuntza, Deustu eta Getxo. Bestalde, Zierbenak, Kaikuk, Bermeok, Ondarroak eta Mundakak finalean jokatzeko txartela lortu zuten.
Bandera lortzeko lehia, berriz,
oso lehiatua izan zen kategoria bietan. Oso itsaso zakarra egon zen, eta horrek nahikoa zaildu zituen arraunlarien maniobrak. Gazte mailan, Kaikuren eta Deusturen arteko norgehiagoka ikusteko aukera izan zuten Ondarroako portura gerturatu zirenek. Kaiku lehen ziabogatik aurretik ibili zen, eta azkenean berak lortu zuen bandera 16:06,77 denboragaz. Sestao 01:54 segundora helmugaratu zen eta Portugalete izan zen hirugarrena, irabazlearengandik 49,30 segundora.
Nagusi mailan, ostera,
ezusteko gutxi egon zen. Izan ere, aurreko egun bereko postu berean sailkatu ziren trainerillak. Nagusi mailan ere lehen bi sailkatuak parez pare ibili ziren estropada osoan, eta lehia, azkenean, Zierbenak irabaztea lortu zuen 14:37,61 denboragaz; Kaiku 00,28 segundora ailegatu zen helmugara. Sailkapen nagusian hirugarrena Bermeoko ontzia izan zen, 14:49,54 denboragaz. Ondarroa eta Munkaka, bestalde, laugarrena eta bosgarrena izan ziren, hurrenez hurren.