Sandra Pircic fitxatu du Gernika Bizkaiak
2016-2017 denboraldiari begira, jokalari esloveniarra da talde gernikarraren lehen fitxaketa. Gainera, klubak jakitera eman duenez, datozen egunotan egingo dituzte lehen kontratu berritzeak.
Pircic Zamarat taldean aritu da amaitu berri den denboraldian, eta taldeko izarretako bat izan da. Gainera, esperientzia handia du bederatzi denboraldi bete baititu Emakumezkoen ligan.
Defentsan duen sendotasunak, eta aurkaria beldurtzeko duen abilezia dira haren ezaugarri nagusiak, eta era berean, erasoan ere joko ona erakusten duen jokalarietako bat da. Klubak errendimendu handia ematea espero du.
Esloveniarrak taldeko web orrialdean azaldu duenez, klubean etapa berri bat hasteko “pozik eta ilusioz beterik” dago: “Proiektu on bat duen klub serioa dela iruditzen zait, talde lehiakorra eta borrokalaria dela erakutsi du. Afizioaren babes itzela du taldeak”.
Lagun euskaldunak ditu, eta herri honek txundituta duela aitortu du, eta bere sorterria oroitarazten diola. Gernika Bizkaiaren kamiseta soinean jazteko desiatzen dagoela esan du.