Mater Museoak 'Hondakinen arrantza' kanpaina dakar Bermeora
Kofradia Zaharraren aurrean amarratuta egongo da, domekara bitartean. Herritarrek itsas-zaborragaz daukaten arazoaz kontzientzia hartzea dute helburu nagusiBigarren urtez jarraian, Hondakinen arrantza kanpaina sustatzen ari da Mater itsasontzi-museoa, ...
Kofradia Zaharraren aurrean amarratuta egongo da, domekara bitartean. Herritarrek itsas-zaborragaz daukaten arazoaz kontzientzia hartzea dute helburu nagusi
Bigarren urtez jarraian, Hondakinen arrantza kanpaina sustatzen ari da Mater itsasontzi-museoa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren babesagaz eta Azti Tecnalia, Greenpeace eta Surfrider Foundation erakundeen laguntzagaz.Kanpainaren helburua herritarrek itsas-zaborragaz daukaten arazoaz kontzientziatzea da. Horretarako, itsasertzetik hurbil zaborra arrantzatzeko esperimentu bat egiten dute, eta portuan bertan, sentsibilzazio tailerrak egiten dituzte.
Domekara bitartean, Bermeoko portuan izango da Mater Itsasontzi Museoa, Kofradia Zaharraren aurrean, hain zuzen ere.
Kanpainaren aurkezpenean azaldu dutenez, «Bizkaiko golkoan, 50 milioi tona hondakin daude gainaldearen eta 200 metroko sakoneraren artean. Ikerketek diote itsasoko elikadura katea kutsatuta dagoela zaborretik datorren plastikozko substantziekin, eta kontuan hartzekoa da gizakientzat elikadura kate hori ezinbestekoa dela».
Mater Museoa atzo iritsi zen Bermeora, Bilbotik etorri zen, bertan hasi baitute aurtengo kanpaina. Ondoren, Getaria eta Pasaiako portuetara joango da.
Gaur, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, tailerrak egingo dituzte ontzian, eta bisitak ere egin ahal izango dira. Bihar, zapatuan eta domekan, berriz, bisita gidatuak egingo dituzte goizeko zein arratsaldeko ordutegian.