Antzezlan berezia hartuko du Lizeo Antzokiak zapatu honetan: El Florido Pensil. Niñas. Fernando Bernues eta Mireia Gabilondoren zuzendaritzapean, hain ezaguna den El Florido Pensil obraren bertsio berri bat dakartzate Gernika-Lumora, nesken ikuspuntutik antzeztuta.
El florido pensil. Neskak/TTanttaka
Hain zuzen, Espainiako gerraostean indarrean egon zen heziketa-sistemaren basakeria burugabea eta ilogikoa jasan zuten neska koadrila baten gorabeherak kontatzen ditu obrak. Oroitzaipen alaia, askatzailea eta garaikidea hezkuntza sistemaren ankerkeria absurdo eta ideologikoari buruzko obra da.
Protagonistei esker, garaiko gizartea ezagutuko dute ikusleek: lehenengo eskola –ideia faxisten propaganda egiteko oinarrizko operazioen zentroa–, eta, ondoren, erregimenak laguntza-seinaleak bidaltzen zituen gainerakoena: herri-zinema, gertuko irratia, eliza eta prentsa. Azken hori, itxuraz, kalterik egiten ez duten komikiek ordezkatzen dute.
20:30ean hasiko da, eta sarrerak 15 euro balio du.