Bizkaiko eta Gipuzkoako uretan
antxoa txikia dagoela eta, Eatik hasi eta Hondarribia bitartera antxoa ez harrapatzea adostu dute bertoko kofradiek. Neurria martitzenean [maiatzak 17] gauean sartu zen indarrean, eta hurrengo egunotan debekua kendu edo ez aztertuko dute. Hori dela eta, egunotan Eatik mendebaldera ibili dira ontziak arrantzan, Bermeo parean, baina ez dute antxoa askorik sareratu.
Neurri horregaz gain, baxurako ontzi bakoitzak eguneko harrapatu ahal izango duen antxoa kopurua ere murriztu egin dute, behin-behinean. Orain,
gehienez, 4.000 kilo harrapatu ahal izango dituzte.
Antxoa harrapaketari dagokionez, asteon nahikoa
antxoa gutxi porturatu dute Ondarroan; kopururik gehien martitzenean [maiatzak 17] lehorreratu zuten, 185.000 kilo. Tamaina aldetik, gainera, oso arrain txikia izan zen; kiloan, 50-55 ale ingurukoa.
Baxurako arrantzaleak gaur goizean sareak jostean, Ondarroako portuan
Lehen bentetan nahikoa arrain gutxi egon zenez, arraina garesti saldu zen, 3 euro inguruan, baina orduak aurrera joan ahala, prezioak erabat amildu ziren. Azken bentetan, esaterako, 40 zentimo inguruan saldu zen antxoa kiloa. Atzo [maiatzak 18], ostera, nahikoa antxoa gutxi saldu zen: 36.000 kilo. Kopuru aldetik arrain gutxi egon zenez, zer edo zer garestiago saldu zen; bataz beste, 1,41 euroan kiloa.
Gaur [maiatzak 19], ostera, ez da antxoarik saldu bentan. Gauerako eguraldi txarra egon da iragarrita, eta lau bat ontzi itsaroratu dira bakarrik.
Hurbileko arraina harrapatu dute: txitxarroak, buzten baltzak, muxarrak… baina kopuru aldetik ez dute askorik harrapatu.