Beira eta kartoia batzeko zerbitzu bereziak egongo dira, asteburuan
Bermeoko Udalak jakinarazi duenez, beirazko botilak eta papera eta kartoia batzeko kanpaina bereziak egongo dira, asteburuan, Arrain Azoka dela eta.Bermeoko Udalak Ecovidrio enpresagaz batera egingo du beirazko botilak batzeko kanpaina berezia. Iazko A...
Bermeoko Udalak Ecovidrio enpresagaz batera egingo du beirazko botilak batzeko kanpaina berezia. Iazko Arrain Azokan egin zuten lehenengoz aipatu kanpaina, eta azoka inguruko tabernetako beirazko botilak aparteko zerbitzu baten bitartez batzean datza. Azaldu dutenez, 43 tabernek parte hartuko dute.
Iaz, 41 tabernek parte hartu zuten beira batzeko kanpaina berezian, eta ostalariak «pozik» egon zirela azaldu du udalak. Kanpainarako, arrantzale baten irudiagaz apaindu zituzten hamar edukiontzi, eta hiru egunetan, 28.700 kilo beira batu zituzten, 15.000 kilo batzea aurreikusi zutenean.
Iaz egin bezala, Lamera, Portuzarra eta Askatasun Bidea kaleko taberna guztietan gurpildun ontzi bat utziko da botilak bertan uzteko. Aurten, gainera, Alde Zaharreko zenbait taberna ere batu dira kanpainara.
Kartoia, «tolestuta»
Azoka egin bitartean, hiru langile ibiliko dira taberna kanpoan egongo diren ontziak batzen. Horiek edukiontzietan hustuko dituzte, eta bueltan eramango dituzte tabernetara.
Horrez gain, aurten, lehenengoz, kartoia batzeko kanpaina berezia ere jarriko dute martxan; azaldu dutenez, azokaren egunetan «paper eta kartoi asko biltzen baita azoka inguruan».
Modu horretan, jakinarazi dutenez, jatetxe karparen atzeko aldean egokituko dute horretarako espazio bat. Arrain Azokako erakustokietako arduradunek bertan utzi ahalko dute soberan duten papera eta kartoia, betiere, «tolestuta», diote.
Hiru egunetan, eguerdi aldera, kamioi batek jasoko du gune horretan pilatutako papera eta kartoia.