Udalerriko mugetatik bi ibilaldi egiteko aukera egongo da. Ibilbide luzea 20 kilometrokoa izango da, eta laburra, berriz, 11 kilometrokoa.
20 kilometroko ibilaldiko partaideak 08:30ean irtengo dira udaletxe aurreko plazatik. Ibilbide laburra egitera doazenek, ostera, 09:30ean dute irteera-ordua.
Domekan bertan egin behar da izen ematea, 08:00etatik 08:30ak arte. 12 urtetik beherakoentzat doakoa izango da, baina, 12 urtetik gorakoek sei euro ordaindu beharko dituzte.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, ibilbidean zehar seinaleak egongo dira inor ez galtzeko, eta bi anoa postu ere jarriko dituzte.
Ibilbide luzekoek Ajangizko plazatik irten, eta Burgoa, Olesko, Argana, Aristieta, Kanpantxu auzoa, Mentzeta, Eperlanda, Solaurren eta Pertxamendi zeharkatuko dituzte. Handik hasitako leku berera itzuliko dira.
Ibilaldi laburrean parte hartzen dutenak ere plazatik Burgoara joango dira. Bertatik Oleskora pasatu, eta Argana, Aristieta, Kanpantxu auzoa, eta Mentzeta zeharkatuta, Okaganara ailegatuko dira. Handik Ajangizko udaletxeko plazara bueltatuko dira.
Mendi martxak amaitzean partaide denek elkarrekin hamaiketakoa jango dute, eta gainera, izena eman duten guztiek opari bana jasoko dute.