Palestinar herriagaz elkartasuna adierazteko astea Bermeora iritsi da
Apirilean Gernika-Lumon egin ondoren, Bermeora iritsi da asteon, Busturialdeko Askapenak antolatuta, Palestinar herriagaz elkartasuna adierazteko astea.Barikura bitartean, Palestinako gatazkari buruzko argazki erakusketa egongo da ikusgai, Goiko Plazak...
Barikura bitartean, Palestinako gatazkari buruzko argazki erakusketa egongo da ikusgai, Goiko Plazako Kabidxe gune sozialan; 18:00etatik 21:00etara bisitatzeko aukera dago.
Bestalde, gaur, 18:00etan, Los Olvidados (50 min) erreportajea eskainiko dute, Kabidxen. Jerusalem eta Palestinako nondik norakoak azaltzen dituen erreportajea da, hain zuzen ere. Palestinarren zein erlijio desberdinetako jarraitzaileen ikuspuntuak agertzen dira.
Arrain Azokaren baitan, bestalde, asteburuan, Askapeneko materiala izango dute salgai, Lameran. Zapatuan, berriz, Palestinako gastronomia dastatzeko aukera emango dute goizean. Lameran egitekoak baziren ere, azken orduko aldaketa batzuk direla eta, Taraskan egingo dutela azaldu dute antolatzaileek.
Nakba eguna
Domekan, Nakba eguna izan zen; ofizialki Israel estatua sortu zen eguna da. «68 urte pasa dira palestinarrek euren lurraldean zapalkuntza ezagutzen hasi zirenetik», diote.
Hala, beste behin ere, Askapenak salaketa ekimena egin du. Busturialdeko hamahiru supermerkatutan ikus daitezke Israeli boikota bideratzeko zenbait marka. Horretarako, informazio orriak jarri dituzte.