100 urte ondarea balioan jarriz
Ehun urte bete dira Santimamiñen pinturak aurkitu zituztenetik, eta urrira bitartean, hainbat ekimen egingo dituzte. Ospakizunekin batera, egungo aurkikuntzen berri ere emango dute.Kortezubiko kobazuloan pinturak aurkitu zituzteneko mendeurrena dela e...
Ehun urte bete dira Santimamiñen pinturak aurkitu zituztenetik, eta urrira bitartean, hainbat ekimen egingo dituzte. Ospakizunekin batera, egungo aurkikuntzen berri ere emango dute.
Kortezubiko kobazuloan pinturak aurkitu zituzteneko mendeurrena dela eta, hainbat jarduera antolatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak. Bilbon egin zuten egitarauaren aurkezpena hilabete hasieran, eta bertan izan ziren Lorea Bilbao Euskara eta Kultura diputatua eta Kortezubiko alkate Ibon Legarza. Azaldu zutenez, urrira bitartean, jardunaldiak, erakusketak, tailerrak eta bestelako ekimenak egingo dira.Lorea Bilbaok azaldu zuenez, Santimamiñe Euskal Herriko arkeologiaren erreferentziako aztarnategia izan da XX. mendearen zatirik handienean. «Bizkaiko Foru Aldundiak jakin badaki zein den bere garrantzia, eta ikerketa lanak finantzatu ditu. Azken finean, gure talde-oroimenean sakontzera garamatzan ezagutzaren sorkuntza sustatu du».
Mendeurreneko ekitaldiak hasita daude. Zapatuan, maiatzaren 14an, Santimamiñeko Museoen Gaua egin zuten. Erakusketa jartzeaz gain, bisita gidatua ere egin zuten. Domekan, aldiz, animazioagaz bisita bereziak egin zituzten, eta kobara sarrera doakoa izan zen.
Espeleologia eta Ondare Kulturaleko II. Jardunaldia egingo dute hilaren 28an. Hain zuzen, kultur ondareari lotutako aurkikuntzak emango dituzte ezagutzera. Halaber, esplorazio espeleologikoa, ikerkuntza arkeologikoa eta arte paleolitikoari buruzko hitzaldiak emango dituzte. Horri amaiera emateko, grabatu paleolitikoak identifikatzeko tailer praktikoa egingo dute espeleologoentzat eta artearen arloko adituentzat.
Urrira bitartean
Ekainera begira, domeka guztietan familientzako tailerrak egingo dituzte, 11:30ean hasita.
Azken bi zapatuetarako ere egitarau betea dakar foru aldundiak. Ekainaren 18an, 10:30ean, Juan Carlos Lopez Quintana arkeologoak Esku hartze berriak Santimamiñen: aurkikuntza gertatu eta 100 urtera hitzaldia emango du, eta, ostean, koba eta inguruak ikusteko bisitaldi gidatua egingo du. Hilaren 25ean, 10:30ean, Santimamiñe 2016: kudeaketa ebaluagarri eta jasangarriko ereduaren bila jardunaldia burutuko dute Gernikako Euskal Herria Museoan. 10:30ean hasiko da.
Uztailari dagokionez, 10ean eta 23an egingo dituzte ekimenak. 23rako, gainera, ekintza eta aukera askoko jardunaldia antolatu dute, Santimamiñe, 100 urte ondareaz gozatuz izenburupean. Iluntzean, kontzertua emango dute kobaren ahoan.
Abuztua umeei zuzendutako hilabetea izango da, eta urrian emango diote amaiera programazioari.