25 urtean egindako lanari aitortza
Antxoa Egunak Radixu Irratia omendu du, kolektibo moduan 25 urtean egindako lanagatik. Jaiaren antolatzaileek Antxoa Egunaren inguruko balorazio ona egin dute.Radixu Irratiak kolektibo modura 25 urtean egindako beharra saritu zuen XVI. Antxoa Egunak za...
Antxoa Egunak Radixu Irratia omendu du, kolektibo moduan 25 urtean egindako lanagatik. Jaiaren antolatzaileek Antxoa Egunaren inguruko balorazio ona egin dute.
Radixu Irratiak kolektibo modura 25 urtean egindako beharra saritu zuen XVI. Antxoa Egunak zapatuan.Aurten, gainera, sari banaketa era berezi batean egitea erabaki zuten jaiaren antolatzaileek eta eragileek. Sariduna irrati bat izan denez, irratsaio antzerako bat irudikatu zuten, Zilarrezko Antxoaren inguruko elkarrizketa eta guzti.
Irrati libreko hainbat kide igo ziren oholtza gainera, eta hainbat gauzari buruz luze aritzeko aukera izan zuten. Tartean, irrati librearen sorreraren, azken 25 urteotako irratsaioen eta etorkizunari buruz berba egiteko tartea hartu zuten. Radixu Irratiko kideek gogorarazi dutenez, kanpandorreko ateak «herri guztiari irekita» dauzkate.
Sari banaketa formala egin aurretik, Bertsutan Ondarroako Bertsozale Taldeko Arri, Botx eta Iñaki Lersundik omenduei eskainitako bertsoak abestu zituzten. Jarraian, Radixuko kideen izenean, Txomin L. Aramaiok pozik jaso zuen zilarrezko paparrekoa, Zunbeltz Bedialauneta alkatearen eskutik.
Irrati libreko kideek «esker onez» jaso zuten Zilarrezko Antxoa, eta saria euren lanari egindako aitortza dela azpimarratu zuten. «Eskerrik asko; batetik, saria eman diguzuelako, eta, bestetik, zorionak jai hau aurrera ateratzen duzuelako».
Hiru turrunegaz batera
Kanpandorreko erlojuak 12:00ak eman orduko hasi zen antxoaren omenezko jaialdia, eta ohikoa bihurtu den modura, hiru turrunek eman zioten hasiera egunari.
Eguraldi nahikoa kaxkarra egin baldin bazuen ere, jende asko ibili zen alde zaharreko kaleetan antxoa gutiziak probatzen. Herriko hainbat elkarte gastronomikoren eta kuadrillaren eskutik, eguneko protagonista hainbat eratara prestatuta jateko aukera egon zen. Pintxoak probatzeko ilara luzeak izan ziren, eta denek ere, arrakasta handia eduki zuten.
Ohikoa den legez, giro ederra egon zen alde zaharrean eta inguruetan. Antxoa pintxoak probatzeko aukeraz gain, itsasoagaz zerikusia daukaten ofizioak bertatik bertara ikusteko aukera ere eskaini zuen jaiak. Portuko sare konpontzaileek sareak zelan josten dituzte erakutsi zuten, eta haruntzago, antxoak garbitu eta haiek oliotan ipini zituzten, kontserba fabriketan egiten duten legez.
Kantoipe errebueltan, ostera, arrantzan egiteko txokoa izan zuten aukeran txikienek. Koloretako arrainez betetako igerileku txiki bat ipini zuten, eta haren bueltan, ixkireroak eskuetan, arrainak harrapatu nahian ibili ziren hainbeste ume.
Musika ere eguneko protagonista bihurtu zen. Musika Eskolako ikasleak trikitixa eta panderoekin jai giroa herri osora zabaltzen ibili ziren, eta Zilarrezko Antxoa saria eman aurretik, Musika Eskolako kantari gazteenek Zubi Zaharraren azpian kantu herrikoiak abestu zituzten, han aurrean batuta zeudenen gozamenerako. Joxe Mielen batela, Eskamak kentzen… abestu zituzten, denak ere itsasoagaz lotura daukaten kanta herrikoiak.
Eguerdiko ekimenak, ohitura bihurtu den legez, Boga-Boga abestuz agurtu zituzten Kantaize abesbatzekoek eta herritarrek.
Jaia antolatzen aritzen den taldea ere pozik agertu da beste urte batez jaiak izan duen arrakastagaz. «Euriaren beldurragaz aurten jende gutxiago ibili bada ere, giro onik ez da falta izan. Ondarroara etorri den jendea pozik eta gustura ikusi dugu».
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, herritarrek ere ondo erantzun dute. «Boluntario lanetan ere sekula baino jende gehiago mugitu da, eta hori aurrera begira, oso positiboa dela iruditzen zaigu». Datorren urtera begira ere, jai jendetsua egin nahi dutela iragarri dute.