Lekeitioko Mendieta ontziola, birgaitzetik gero eta hurrerago
Ontziolaren kontzesioa euskal erakundeen alde eskualdatzeko prozesua azkartzea eskatu dute. Erakundeen arteko elkarlana izan daiteke konponbideaJose Maria Cazalis senataria eta Koldo Goitia Lekeitioko alkatea Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzak...
Ontziolaren kontzesioa euskal erakundeen alde eskualdatzeko prozesua azkartzea eskatu dute. Erakundeen arteko elkarlana izan daiteke konponbidea
Jose Maria Cazalis senataria eta Koldo Goitia Lekeitioko alkatea Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzako arduradunekin batzartu dira Madrilen (Espainia), Mendietako ontziolaren kontzesioa euskal erakundeen alde eskualdatzea amaitzeko prozesua azkartzeko. Hauen helburua Euska Herrian dagoen erriberako ontziola onena leheneratu eta mantentzea da.Nahiz eta prozesu hori duela hamar bat urte hasi zuen udalak, oraingoan, Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioko Kostaren Jasangarritasunerako Zuzendaritza Nagusiaren Itsaso eta Lehorraren arteko Jabari Publikoaren Zuzendariordetza Nagusiak kontzesioaren amaierako espedientea ebatziko duelako konpromisoa hartu du.
EAJren ordezkariek jakinarazi dutenez, Kosta Zuzendaritzako arduradunek udalak egungo kontzesioari amaiera emateko egin duen eskaerari jaramon egiteko motibo nahikoa dagoela ikusi dute. Gainera, udalak erakutsi duen interesak prozesua amaitzea erraztuko duela onartu dute Ministeriotik; horregatik, interes hori modu ofizialean jakinarazi dezatela eskatu diete lekeitiarrei.
Mendieta ontziola monumentu-multzo moduan katalogatuta dago, Kantauriko erriberako ontziola garrantzitsuenetakoa delako. «Mendieta leheneratu nahi dugu; ez dago bera bezalako besterik, eta ez dugu galdu nahi», azaldu dute egungo alkateak eta 2003tik 2011ra bitartean postu hori izan zuen senatari jeltzaleak.
Lekeitioko Udalak, 2008an, Jose Maria Cazalis alkate zela, Mendietako ontziola leheneratzeko proiektua egin zuen, herrian Interpretazio Zentroa martxan jartzeko prozesuaren barruan. Bertan, erakusketa ere- muaren osagarri, ekimen dinamizatzailea izango zuen zentro integrala ere egokitzea proposatzen zen Mendietarako. «Balioan jarri nahi dugu, eta horretarako lau aldetako elkarlana eskatuko dugu: Espainiako Gobernua, Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta udala hartuko dituena. Denon artean bilatuko dugu zein izango den emango diogun erabilera; beti ere, monumentu izendapenagaz eta Kosta Legeak ahalbidetzen dituen erabilerekin bat etorriko den erabileragaz».
Egoera tamalgarria
Izan ere, aurreko jabeak kontzesioa utzi ondoren, gaur egun, Madrilgo (Espainia) Ingurumen Ministerioko Kosta Zuzendaritzaren esku dago ontziola. Bestalde, monumetu kategoriako kultur ondasun izendapena eman zion Eusko Jaurlaritzak, eta, beraz, ondarea izanik, Bizkaiko Foru Aldundiari dagokio babestea. Hori dela eta, Lekeitioko Udalak erakunde guztien arteko lankidetza eta inplikazioa lortu nahi ditu Mendieta ontziola eragozpen barik berreskuratu ahal izateko. Guztien artean oreka bat bilatu behar dela diote, «ondarea zelan berreskuratu eta zertarako berreskuratu erabakitzeko».
Udalak ontziolaz duen interesa erakusteko txosten bat prestatzen ari dela jakitera eman du Koldo Goitia alkateak. Bien bitartean, gainera, ontziola egonkortzeko habetu egin behar dela azaldu du, eta udal arkitekto teknikoa horren gainean dagoela jakitera eman du.
Urteak dira Mendieta ontziolaren egoeraren kezka Lekeition batera eta bestera dabilela. Udalak, herritarrek zein elkarteek erakutsi dute Eusko Jaurlaritzak Sailkatutako Kultur Ondasun izendatuta duen Lekeitioko ondarearen gaineko ardura.
Monumentu izendatuta egoteak ez dio babesik eskaini Lekeitioko ondareari. Bere egoera juridiko korapilatsua tarteko, ontziolak gainbehera handia jasan du azken urteetan eta hilzorian dagoela dirudi. Ondarea birgaitzearen ardura erakunde batetik bestera igaro da nori zego- kion erabaki ezinik. Lekeitioko Udalak, baina, ez du etsi, eta Jose Maria Cazalisen agintalditik hasita, agintaldi guztietan saiatu dira udal ordezkariak Mendietaren egoerari irtenbide bat ematen.
Orain dela bi urte ere, EH Bildu agintean zegoela, udal ordezkariak Madrilera joan ziren Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministeritzagaz batu, eta ontziolaren egoera juridikoa ebazteko eskaria egitera, eta ondarea birgaitzeko neurriak hartzea ere eskatu zuten. «Izandako bilera guztietan EH Bilduk argi utzi du herrikoa den ondarea berreskuratzeko nahia, bera da-eta gure herriaren nortasunaren eraikitzailea. Ondarea da gure izaeraren sustraia, eta gure erantzukizuna da berreskuratzea, zaintzea eta mantentzea», adierazi dute.
Ez dute nahi Mendieta ontziola argazkietan eta paperean bukatuko duen oraimen bihurtzea, eta, horretarako, herritarren parte hartzea eta beste erakundeen laguntasuna behar direla diote, betiere udala berreskuratze horren motorra izanik. «Hasitako bideari jarraipena eman behar zaio, eta hori da egungo udalari eskatzen dioguna».
Udalaz gain, guztiz erori aurretik konponbidea bilatu nahi- an ibili da Atabaka Lekeitioko ondarearen aldeko elkartea ere. Ontziolaren garrantziaz ohartarazi eta birgaitzea eskatzeagaz gainera, auzolana ere antolatu zuten ontziola habetzeko.
Mendeurrena
Hainbat mendez, Euskal Herriko portu txikietako ontzigintza itsasertzeko portuetan kokatutako ontziola txiki tradizionaletan oinarritu zen. Gaur egun, gutxi dira bizirik irauten duten itsasertzeko artisau ontziolak, eta euretako bat da Lekeitiokoa.
Bere familiaren bideari jarraituz, Mendieta ontziola 1885an eraiki zuen Andres Rafael Mendieta Maguregik, itsasadarraren ezkerreko aldean, Isuntzako zubiaren azpian, Fraileen moila modura ezagutzen den lekuan. Sute batek, baina, erabat suntsitu zuen 1913an, eta 1917an berriz ere altxatu zuten haren semeek; beraz, datorren urtean egungo eraikinaren mendeurrena izango da.