Euskararen prestigioa hobetzeko asmoa dute 'Geuk eus' kanpainagaz
Arrain Azokan karpa bat jarriko dute, Lameran. Barruan, herritarrek euskaraz bizitzeko dituzten arrazoiak azaldu ahalko dituzte, eta kanpoan, argazkietarako 'photocall'-a egongo daHainbat eragilegaz elkarlanean, Bermeoko udalak Geuk eus euskaraz bizitz...
Arrain Azokan karpa bat jarriko dute, Lameran. Barruan, herritarrek euskaraz bizitzeko dituzten arrazoiak azaldu ahalko dituzte, eta kanpoan, argazkietarako ‘photocall’-a egongo da
Hainbat eragilegaz elkarlanean, Bermeoko udalak Geuk eus euskaraz bizitzeko 1.000 arrazoi kanpaina abiarazi du. Aipatu kanpainaren bitartez honakoak lortu gura dituzte: herritarren artean euskararen prestigioa hobetu, euskaldun izatearen abantailak gizarteratu, herritarrek euskararen erabileraren galeraren kontzientzia hartzea, jokaera kontzienteak piztea eta adin guztietako herritarrak sentsibilizatzea.Juan Karlos Agirre euskara zinegotziak azaldu duenez, «Bermeoko Udalak euskararen erabilerari buruzko hausnarketa egin du, eta herrian euskara gaitasun handia dagoela ondorioztatu dugu. Hala ere, euskararen erabilera ez dator bat gaitasunagaz, eta espero daitekeenaren azpitik gaudela nabaritu dugu». Hala, euskararen erabilera «beheranzko joeran» dagoela diote, «adin guztietako herritarretan».
Sentsibilizazio lan orokorra
Galera horri galga jartzeko «premia ikusi» dutela adierazi du euskara teknikari Maite Alvarezek: «Euskara Sailaren bitartez, gizarte-sektore askogaz lanean ari gara, sektore bakoitzak berea ezagutzen baitu. Orain, baina, sektoreka egindako lan horri sentsibilizazio lan orokorra gehitu gura diogu».
Geuk eus kanpaina martxan da jada. Kanpainaren prestakuntza lanetan parte hartu duten bost bermeotar ezagunen hitzetan entzun ahalko da egunotan, zeintzuk diren euskaraz bizitzeko dituzten arrazoiak. Oizmendi telebistan eta Itsuki Irratian zabalduko dituzte mezuak, eta asteburuetan zineman ere jarriko dituzte.
Bestalde, kanpainak bere abestia ere edukiko du; lanean ari dira. Lore Barrena bertsolari bermeotarrak jarriko dio hitza abestiari. Ondoren, Bermeoko hainbat musika taldek parte hartuko dute proiektuan. Musika estilo ezberdinak uztartuko dituztela azaldu dute, eta udarako prest eduki gura dute.
300 argazki, 100 bideo
Herriko ostalariak ere parte hartzen ari dira kanpainan; batetik, Geuk eus logoa izango dute establezimenduetan, eta bestetik, kanpainako logoa daukaten ahozapiak erabiliko dituzte. Momentuz, 34 taberna ari dira parte hartzen; hala ere, gehiago animatzea espero dutela esan du Alvarezek.
Bermeoko Arrain Azokan presente egongo da kanpaina. Bereziki kanpainarako egindako karpa bat jarriko dute, Lameran. Barruan, herritarrek bideoak gra- batzeko aukera edukiko dute; euskaraz bizitzeko dituzten arrazoiak azaltzeko aukera izango dute. Kanpoan, berriz, argazkiak atera ahalko dituzte, photocall batean. Helburua 100 bideo eta 300 argazki ateratzea da. Jakinarazi dutenez, argazkiekin herriko orube batean hormairudi bat egitea da asmoa.
Kanpaina hasi besterik ez dela egin azaldu dute; izan ere, epe luzerako kanpaina diseinatzen ari dira. Hala, herritarrak parte hartzera animatu gura dituzte. «Kanpainaren bitartez, euskaraz bizi gura dugula eta euskaraz bizitzeko arrazoiak baditugula helarazi gura dugu, Bermeon euskaraz badakigulako».