Frankismoaren krimenen aurkako Argentinako kereila zuzentzen duen Maria Servini epaileak beste bost lagunen lekukotasunak bildu nahi ditu. Horretarako, erregu bana bidali ditu Barakaldoko, Bilboko, Eibarko eta Gernika-Lumoko epaitegietara. Hain zuzen, fusilatuta hil zuten Jose Sagarna apaizaren iloba den Jorge Sagarnaren lekukotza jaso nahi du Servinik, eta Gernika-Lumoko epaitegiari eskatu dio deklarazioa har diezaion.
Jose Sagarna 1936eko urriaren 20an fusilatu zuten, Markina-Xemeingo Amailo auzoan, 24 urte zituela. Epaiketarik egin gabe fusilatu zuten.
Luis Moreno, Manuel Sagastibeltza, Luis Ortiz Alfau, Jorge Perez eta Jorge Sagarna dira Argentinako epaileak dituen bost lekuko berriak. Josu Ibargutxi Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Aurkako Euskal Plataformako kideak azaldu du kereilari batzuek zailtasunak izango lituzketela Argentinara bidaiatzeko, Servinirekin aurrez aurre egoteko. Izan ere, Luis Morenok 98 urte beteko ditu aurten; Manuel Sagastibeltzak, 99; eta Luis Ortiz Alfauk, 100. Hirurak 36ko gerran borrokatu ziren gudariak dira; hirurak frankismoaren esklabo izan ziren atxilo hartu zituztenean.
Servini epailea Gernika-Lumoko epaitegian izan zen
2014ko maiatzean. Hain zuzen, Busturiko Julen eta Elisa Calzada neba-arrebei deklarazioa hartzera etorri zen argentinarra. 1937. urtean Busturian fusilatu zuten haien aita, Doroteo Calzada.