Plazatik Gaztetxerako finalistak erabaki dira, Markina-Xemeinen
Zapatuan Markina-Xemeingo Akerbeltz gaztetxean XV. Plazatik Gaztetxera bertsolari txapelketaren finalerdia egin eta gero, txapelketako finalistak erabakita geratu dira: Eli Pagola eta Iñigo Zubiaurre Beixi, Aitor Salegi eta Antton Aranburu, Maider Arr...
Akerbeltz gaztetxea bete-bete egin zen. Aurretik, 50 lagun batu ziren afaltzen. Saioa bertsolarien «agur biziekin» hasi zela eta publikoa bero zegoela azpimarratu dute antolatzaileek.
Bikote onena aukeratzerakoan, publikoak eta aditu taldeak bat egin, eta Pagola eta Beixik osatutako bikotea aukeratu zuten. Ondorioz, aditu taldeak bigarren bikote sailkatua aukeratu zuen finalerako: Salegi eta Aranburu. Haiekin batera, Deban aukeratutako bi bikoteak ariko dira hilaren 21ean Mutrikun jokatuko den finalean (Arregi-Urteaga/Sarasua-Astigarraga).
Imanol Lekunberri mutrikuarrak eta Asier Galarza muxikarrak ez zuten finalerako txartelik eskuratu.
Bizkaiko Txapelketa
Azken horrek, baina, domekan Orozkon jokatutako Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Udaberriko fasean bigarren postua lortu zuen, 161 puntugaz; saioa Garikoitz Sarriugartek irabazi zuen, 182 puntugaz. Zapatuan, Gueñeseko kanporaketan aritu zen Eneko Arrate markina-xemeindarra. Bigarren geratu zen, 166,5 puntugaz.