Ondarrutarrek giza eskubideen aldeko trena hartu dute
Hartu Trena! ekimenak hirugarren geldialdia egin du Ondarroan. Gaixorik dauden presoen egoera jendarteratu eta jasaten dituzten eskubide urraketak salatu dituzteMartxoaren 8an bertan behera geratu eta gero, domekan Hartu Trena! euskal preso eta iheslar...
Hartu Trena! ekimenak hirugarren geldialdia egin du Ondarroan. Gaixorik dauden presoen egoera jendarteratu eta jasaten dituzten eskubide urraketak salatu dituzte
Martxoaren 8an bertan behera geratu eta gero, domekan Hartu Trena! euskal preso eta iheslarien giza eskubideen aldeko ekimen herrikoia Ondarroara ailegatu zen. Tren ibiltaria Euskal Herrian barrena dabil, eta herenegun, Ondarroan, hirugarren geldialdia egin zuen, Errenteriaren eta Durangoren atzetik.Ekimena Zaldupeko Zubitik 12:00etan abiatu bazen ere, aurretik mendizaleek Tontorramendira joan-etorria egin zuten. Ekimenagaz hamabost bat lagunek bat egin zuten.
12:00ak pasatxo hasi zen martxan lokomotora sinbolikoa, eta Zaldupe Zubitik hasita, herri osoa zeharkatu zuen. Tren ibiltariko bagoi erraldoian sartuta, dozenaka ondarrutarrek Ibon Iparragirreren eta larriki gaixorik dauden gainerako presoen egoera jendarteratu eta horiek kartzeletan jasaten dituzten eskubide urraketak salatu nahi izan zituzten, geltokiz geltoki.
Ekimenagaz amaitzeko, trenak azken geldiunea Itsasaurre Plazan egin zuen. Bertan hitza hartzen lehenengoa Urtza Alkorta Sare herritarreko ordezkaria izan zen.
Eskubide urraketak
Alkortak gogorarazi zuenez, sakabanaketak euskal preso guztien eskubideak urratzen ditu. «Baina, gaur, bereziki, larriki gaixorik dauden presoen egoera salatu nahi dugu. Kartzeletan bizitza gogorra bada, are gogorragoa da gaixotasun larriak dituzten lagunentzat. Ekimen hau martxan ipini berri, 11 ziren larriki gaixorik zeuden preso larriak, baina herri aktibazioari esker, Lorentxa Gimonen askatasuna lortu genuen, eta horixe da beste hamar lagunen askatasuna lortzeko bidea ere, herritarron konpromisoa eta aktibazioa». Era berean, trenak larriki gaixorik dauden presoen etxeratzea eskatzeaz gain, euskal preso politiko guztiek sufritzen duten eskubide urraketa guztiekin amaitzea duela helburu azpimarratu zuen Alkortak. «Sakabanaketa, amatasun/aitatasun eskubidea, ikasketa eskubidea, osasun eskubidea, salbuespen legedia… denekin amaitzea lortu behar dugu. Geltokiz geltoki aurrera egingo dugu».
Iheslariak ere gogoan izan zituzten, eta bizi duten jazarpen polizialagaz amaitzea eskatu zuten. Azkenik, jendarte guztiari trenak osatu eta aurrera egiteko deia egin zion Sarek. «Tren hutsak ez doaz inora, eta, hortaz, trenak jendez betetzea ezinbestekoa da. Geltokiz geltoki denok batera giza eskubideen urraketagaz amaitu, konponbide bidean pausoak eman eta bakea lortuko dugu. Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen defentsan Hartu Trena! eta saretu».
Dinamikagaz, gainera, hainbat herriko eragilek bat egin zuten, eta horietako bik kanpaia jo zuten horren erakusle. Artelan eta Aurrera Mendi Taldeko kideek tren geltokiko kanpai sinbolikoa jo zuten.
Ostean, Ondarroako Bertsutan bertsozale elkarteko kideek bertsotan egin zuten, eta Nagore eta Txomin Lasarte aita-alabek kantuan agurtu zuten ekimena.
Balorazio positiboa
Domekako ekimenaren harira, pozik agertu dira Sareko eta Iparra Galdu Baik plataformako kideak. Iparra Galdu Baik-ekoak, esaterako, ekimenagaz eta Hartu Trena! ekimena girotzeko egindakoekin gustura geratu dira. Plataformako kideen iritziz, herritarren erantzuna ona izan da. «Jende kopuru polita batu gara».
Domekako ekimenagaz gain, aurrera begira ere beste hainbat erronka betetzeko daudela azpimarratu zuten. «Saretu egin behar gara. Preso gaixo larrien edota sakabanetaren gaia modura, oraindik ere, urgentzia duten beste hainbat gai ditugu jorratzeko. Aurrera begira, arazoa jendarteratzen jarraituko dugu, eta gai horiei buruzko hainbat ekimen antolatu nahi dira Ondarroan».
Ondarroan egingo diren ekimenez gain, hurrengo asteburuan herriz herri Euskal Herriko txoko askotan hainbat ekimen egingo direla jakitera eman du Sarek. «Beste hainbat ekimen egingo dira eskubide urraketak salatzeko».