Antxoa biomasa kalkulatzeko kanpaina hasi dute
AZTI zentro teknologikoak Bizkaiko golkoko antxoa populazioa kalkulatzeko kanpaina berri bat hasi du. Hamabost ikertzailek osatutako talde bat eguenean Pasaiako portutik atera zen Ramon Margalef eta Emma Bardan ontzi ozeanografikoetan, antxoaren ugalke...
AZTIko hamabi ikertzailek plankton laginak bilduko dituzte Ramon Margalef ontzian, haietan baitaude antxoek errundako arrautzak. Horren osagarri izango da Emma Bardan ontzian joango diren hiru adituen lana. «Antxoa helduak hartuko dituzte, eta haien bataz besteko ugalkortasuna kalkulatuko du te; hau da, eme bakoitzak ekoizten dituen arrautzen bataz bestekoa. Planktonean aurkitutako arrautza kopuruaren eta emeen bataz besteko ugalkortasunaren arteko erlazioaren bidez, antxoa biomasa kalkulatu ahal izango dute AZTIko adituek».
Lortutako datuekin eta nazioarteko beste erakunde batzuen ekarpenagaz batera, antxoaren ustiapen mailei buruzko txosten zientifikoak egingo dira, agintariek kudeaketa neurri egokiak ezar ditzaten.
Berrikuntza eta guzti
2016 Bioman kanpaina maiatzaren 24tik 27ra bitartean amaituko da, eta ekainean jakinaraziko dituzte emaitzak. Ikerketaren arduradunek jakinarazi dutenez, aurtengo kanpainak berrikuntza bat izango du. Ikertzaileek, estreinako, ikusten dituzten itsas hegazti zetazeo eta ur gaineko zaborrei buruzko informazioa jasoko dute.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak igorritako datuen arabera, baxurako arrantzaleek, dagoeneko, 8 milioi kilo antxoa harrapatu dituzte. Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordearen iritziz, kanpaina modu onean hasi da. «Espero baino lehen, antxoa ugari eta oso kalitate onekoak harrapatu dira gure kostaldeetatik gertu».
Antxoaren kostera luzatu aldera, barikuetan bandera ipiniko da espezie guztientzat, eta astelehenetan ere bentarik ez egitea adostu dute Iparmende- baldeko Kantauri itsasoko kofradiek. Neurri horren arabera, baxurako ontziek ezingo dute astelehenetan 20:00ak aurretik itsasoratu. Neurri horiek astero aztertuko direla aurreratu dute kofradietako ordezkariek.
Izotz fabrika, zabalik
Ondarroako kofradiako arduradunek jakitera eman dutenez, barikutik aurrera zabalik dago Santa Klara izotz fabrika. Aurreratu dutenez, ezkata erako izotza egiteko prest dago. Koskor erakoa delakoa, ostera, aurrerago egongo dela nabarmendu dute. «Koskorra egiteko behar diren hodi eta aparailu batzuk falta dira, eta horiek lortu bezain azkar, koskor erako izotza ere merkaturatu ahal izango da».