Atzo lehiatu zuten Urdaibai Kopako hirugarren proba. Goñik ordu bete, 39 minutu eta 28 segundo behar izan zituen 18 kilometroko ibilbidea osatzeko. Legarrak, berriz, bi ordu, bi minutu eta 54 segundoko denboran amaitu zuen lasterketa.
Mutiletan, Ibon San Miguelek eta Ibon Bengoetxeak osatu zuten podiuma. San Miguel Goñirengandik hiru minutu eta 30 segundora heldu zen. Bengoetxeak, ostera, irabazleak baino sei minutu eta 11 segundo gehiago egin zituen.
Nesketan Eba Gonzalez eta Laura Carrillo sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Biak ala biak irabazlearengandik oso gertu ibili ziren. Izan ere, Gonzalezek bi ordu, lau minutu eta 32 segundoko denbora egin zuen. Carrilok bi ordu, zazpi minutu eta 42 segundotan burutu zuen proba.
Urdaibai Kopako sailkapen orokorrari dagokionez, mutiletan Imanol Goñi natxituarra da sailkapeneko buru, 150 puntugaz. Arkaitz Mintegia da bigarrena, 124 puntugaz eta 119 puntu ditu Kepa Bastegieta hirugarrenak. Nesketan, Irantzu Onaindia gernikarra da lehenengoa, 140 puntugaz eta Agurtzane Argiarro bigarrenak ere puntu kopuru bera du. 138 puntugaz Leire Monasterio da sailkapenean hirugarrena.
Argazkia: Arrolape Mendi Kluba.
Eguraldia lagun izan arren, partaideek haize gogorrari aurre egin behar izan zieten. 10:30ean irtenda, 109 korrikalarik parte hartu zuten atzoko lasterketan.
Bestalde, ia 300 pertsona batu ziren mendi martxa luzean, eta laburra ere 175 lagun inguruk egin zuten. Mendi martxa luzekoak 09:00etan irtenda, 18 kilometroko ibilbidea egin zuten, eta laburrekoak, ostera, 11:00etan abiatu ziren. Horiek, 8,5 kilometro inguruko ibilbidea egin zuten. 40 kilometroko BTT martxan 55 bat txirrindularik parte hartu zuten; horiek 09:45ean ekin zieten bideari.
Argazkia: Arrolape Mendi Kluba.