Atzo jokatu zituzten Ajangizko IV. Esku Pilota txapelketaren finalak.
Errandonea eta Olaizola bikote nafarra 22-8 nagusitu zen Prieto eta Otadui bizkaitarren kontra.
Antolatzaileen berbetan, txapelketa “oso ondo” joan da, eta jende nahikotxo batu da bai aurreko bi asteburuetako kanporaketetan eta baita atzoko finaletan ere.
Beste kategoriei dagokienez, benjaminetan Urzaa da aurtengo txapelduna, eta Endika azpitxalduna.
Alebinetan, Urtzi eta Mikel izan dira garaileak, Ekain eta Xabi finalean mendean hartuta. Umeen mailan, berriz, Koldo eta Ibon nagusitu ziren Aingeru eta Igorren kontra.
Pelotari onenentzat sariak
Bestalde, urtero legez, txapelketaren partidetan kantxan jarrera edo jokabide onena erakutsi duten jokalariak saritu zituzten atzo.
Ajangizko bizilaguna den Remen puntista profesional izandakoaren eskutik kamiseta bana jaso zuten pilotariek. Horrekin batera, herriko “produkturik onena” ere eroan zuten etxera, indaba kilo bana eman baitzieten.
Benjaminetan, Urzaa aukeratu dute pilotari onena. Alebinetan, Urtzik jaso zuen saria, eta umeetan, aldiz, Koldoren jarrera saritu zuten. Lehen mailako afizionatuetan Errandonea beratarraren jokabidea nabarmendu zuten.