Marearteko zabalgunera bisitak egingo dira, estreinako, Mutrikun
Bisitak Debara eta Zumaiara egiteaz gain, Mutrikura ere egingo dituzte hemendik aurrera. Lehenengo irteerak zapaturako eta domekarako daude aurreikusitaEuskal Kostaldeko Geoparkeak iragarri duenez, hemendik aurrera Marearteko zabalgunera egiten diren i...
Bisitak Debara eta Zumaiara egiteaz gain, Mutrikura ere egingo dituzte hemendik aurrera. Lehenengo irteerak zapaturako eta domekarako daude aurreikusita
Euskal Kostaldeko Geoparkeak iragarri duenez, hemendik aurrera Marearteko zabalgunera egiten diren irteerak Mutrikun ere egingo dira, estreinako. «Euskal Kostaldeko Geoparkeak astebururako programatu dituen bisita gidatuen artean berrikuntza bat dago. Orain arte, Zumaian eta Deban eskaintzen zuen Geoparkeak irteera gidatu hori, baina hemendik aurrera, Mutrikun ere egingo da».Mutrikun bi bisita gidatu egingo dituzte, asteburuan; bata, zapatuan (gazteleraz), eta, bestea, domekan (euskaraz). Bisita gidatu bi horiek 10:00etan hasiko dira turismo bulegoaren aurrean, eta 13:15 bueltan amaituko dira.
Bisitariak turismo bulegoaren aurrean batu ostean, Atxukale aldera joango dira, eta handik, portu aldera egingo dute. Bisita gidatuaren arduradunek aurreratu dutenez, portuan geldialdi txiki bat egingo dute, igerileku zaharraren inguruan. Azkenik, igerilekutik Burumendi aldera joango dira, eta handik hirugarren hondartzara jaitsi ondoren, marearteko zabalgune «ikusgarria» eta inguruan dauden itsas animaliak eta landaredia gertutik ezagutzeko aukera edukiko dute bisitariek. «Hirugarren hondartza, bereziki, herritik oinez erraz joateko moduan dagoelako aukeratu dugu».
Biologikoki garrantzitsua
Antolatzaileen esanetan, bisita gidatuak biologiari erreparatzen dio, batik bat. «Bisita harrigarri hau itsasbehera oso behean dagoenean bakarrik egin daiteke. Gidari espezializatu baten laguntzaz, marearteko zabalgunea ezagutuko dugu, labarren oinarrian azaleratzen den plataforma harritsua. Oso ekosistema aberatsa dauka: itsas izarrak, olagarroak, itsas erbiak eta bestelako izakiak aurkituko ditugu; kolore eta forma anitzetako bizitza zabalduko zaigu begien aurrean».
Antotzaileek nabarmendu dutenez, irteera, oro har, publiko zabalari eta 8 urte arteko haurrak dituzten familiei dago zuzendua. Gogorarazi dutenez, haitzetan ibiltzeko oinetako egokiak eta ura eramatea gomendagarria da.
Bisita gidaturen batean parte hartu nahi izanez gero, aurretik egin beharko da erreserba www.geoparkea.com atarian. Era berean, asteburuan, Mutrikuko irteeraz gain, Deban eta Zumaian ere izango da irteera horiez gozatzeko aukera.