San Inaziokoen oinarrizko beharrizanak asetzeko diru laguntzak onartu dituzte
240.000 euroko ezohiko diru laguntza bideratu du Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak. Etxebizitza bakoitzeko diruz lagunduko den gastua 700 euro artekoa izango daSan Inazion etxebizitza laga behar izan dutenei eragindako kaltea...
240.000 euroko ezohiko diru laguntza bideratu du Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak. Etxebizitza bakoitzeko diruz lagunduko den gastua 700 euro artekoa izango da
San Inazion etxebizitza laga behar izan dutenei eragindako kalteak arintzeko, lehen beharretarako diru laguntzen oinarriak onartu ditu Ondarroako Udalak osoko bilkuran, aho batez. Udalak nabarmendu duenez, deialdia publiko egin arte herritarrek ezingo dituzte laguntzak eskatu.Hain zuzen ere, larrialdien bide hartuta, 240.000 euroko ezohiko diru laguntza eman dio Eusko Jaurlaritzaren Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak udalari. «Hondamendiak gizarte larrialdiko laguntzetatik eta bestelako prozeduretatik kanpo geratzen direla kontuan hartu behar da. Bide horretatik bideratu izan balira, onuradunek laguntzak jasotzeko epea luzeegia izango litzateke».
Ohiko bizilagunentzat
Udalak azpimarratu duenez, diru laguntza horien onuradura izateko eskatzaileak San Inazio kaleko 40tik 52ra edo 45tik 63rako etxebizitzetan erroldatuta egon beharko du, eta bertako ohiko bizilaguna izan. «Ez dira diru laguntza horren onuradurak izango aipaturiko eraikinetako merkataritza lokalen jabe direnak edo bertan jarduera baten titularrak direnak».
Aurreratu dutenez, honako gastuak lagunduko dituzte diruz: gastu pertsonalak eta orokorrak, sukaldeko tresneria eta arropa zuria eskuratzeko gastuak, beste etxebizitza batera lekualdatzean eragindako gastuak altzariak eta ekipamenduak eskuratzeko eta beste etxebizitza batera lekualdatzeak eragindako gastuak argia, ura eta errekina horniduretan alta emateko.
Diru laguntzei dagokienez, bizilekua aldatu behar izan dutenek gastu orokorrei eta pertsonalei aurre egiteko, gehienez, 150 euroko diru laguntza jaso ahal izango da etxebizitzako kide bakoitzeko. Era berean, altzariak eta ekipamendu gastuei aurre egiteko, beste irizpide batzuk ezarri dituzte; besteak beste, garbigailu batentzako 400 euro, hozkailu baterako 450 euro edo bi lagunentzako ohe batentzako 400 euro.
Era berean, etxebizitza bakoitzeko diruz lagunduko den gastua 700 eurokoa izango dela jakitera eman dute. «Hortik gorako gastuei diruz laguntzeko aurretik hitzordua hartu beharko da, gizarte laguntzaileekin dagokion txostena egiteko».
Onuradunek Ondarroako erregistro nagusian aurkeztu beharko dituzte eskabideak, dagozkien epeetan. Bete beharreko eskariagaz batera, gastuak justifikatzen dituzten agiriak ere aurkeztu beharko dituzte. Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Ondarroako Udalak aurreikusi dute Balorazio Batzorde bat osatzea, aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko.