Zortzi gaztek hartu dute parte Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketan. Bermeoko Eleizalde ikastolan jokatu da gaur arratsaldean, eta Uribe Kostako Unai Mendiburuk irabazi du. Busturialdeko lau bertsolarik parte hartu dute.
Gaurko zortzi parte hartzaileak, lehenengo lerroan
Mendiburagaz batera honakoek parte hartu dute Bermeon: Uribe Kostatik baita ere, Eneko Elordui; Mungiatik, Ainhoa Gorostiaga eta Iker Larizgoitia; eta Busturialdetik, Beñat Bilbao, Julen Karrion, Imanol Ziluaga eta Jon Garatxena.
Bi zati izan ditu saioak, eta lehengo atalean puntu gehien lortu dituzten lau bertsolariak sailkatu dira bigarren atalerako. Honakoak sailkatu dira: Mendiburu, Elordui, Larizgoitia eta Bilbao.
Gaurko lau finalistak: ezkerrean Beñat Bilbao gernikarra; eskuman, Unai Mendiburu irabazlea
Gaurko saioan Leire Garatxena aritu da gai emaile lanak egiten. Epaimahaia, berriz, hurrengoek osatu dute: Jurgi Fuentesek, Leire Etxebarriak eta Miriam Juaristik.
Bizkaiko Eskolarteko Txapelketak lau kanporaketa ditu; bihar jokatuko da hirugarren kanporaketa, Deustuko Berbaizu euskara elkartean. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatzen da maiatzaren 22an Getxon jokatuko den finalera. Finala osatzeko beste lau bertsolariak puntuazioaren arabera sailkatuko dira, eta barikuan jakingo da nortzuk izango diren bertsolari horiek.