Prekarietatea salatzeko elkartu dira langileak
Prekarietateari aurre egiteko neurriak eskatu dituzte langileek Maiatzaren Lehenean.LAB sindikatuak Langileok martxan, eskuBIDEAK aktiBATUZ! lelopean egin zuen Portugaletetik Sestaora arteko martxa, eta hango udaletxetik abiatu ziren manifestazioan. Ha...
LAB sindikatuak Langileok martxan, eskuBIDEAK aktiBATUZ! lelopean egin zuen Portugaletetik Sestaora arteko martxa, eta hango udaletxetik abiatu ziren manifestazioan. Hala, prekarietatearen kontra langileak martxan direla erakutsi, eta elite ekonomiko eta politikoek, beren «aberastasuna bermatzeko», gehiengo soziala «miseriara kondenatzen» dutela salatu zuten.
«Guretzat oso garrantzitsua izan zen ACB enpresatik pasatzea, bertako langileek ere eskertu ziguten erakutsitako babesa», adierazi du Aitziber Barandika Busturialdeko eta Lea-Artibaiko LABeko ordezkariak.
Izan ere, LABeko kideek «prekarietatea salatuz», eta horri aurre egiteko «alternatibak eskainiz» ospatu zuten eguna, eta prekarietateari irtenbidea bilatzeko bost puntu proposatu zituzten: «1.200 euroko gutxieneko soldata beharrezkoa da, lanaren banaketa ere ezinbestekoa da, eta horregatik, 35 orduko lan astea eta ordu estrarik gabekoa proposatzen dugu, lan osasuna ziurtatzeko beharrezko neurriak hartzea eskatzen dugu, aukera berdintasuna bermatzeko neurri zehatzak hartzea ere behar-beharrezkoa da, bai eta euskararen presentzia ziurtatzea ere».
Neurriok prekarietateari aurre egiteko baliagarriak direla uste dute. Halaber, LAB sindikatuak argi dauka agintarien partetik «borondate politikoa» behar dela: «Erakunde publikoei eta patronalari eskatzen diegu prekarietateari aurre egiteko neurriak hartzeko; egoerari buelta emateko borondate politikoa falta da».
Gaur egun langileriak eta oro har herritarrek pairatzen duten krisi sozial «larriari» aurre egitea dira LABen lehentasuna eta haren borrokaren ardatza.
Aurpegi «zehatzak»
ELA sindikatuko milaka afiliatu mobilizatu ziren Gehiago balio dugu. Erreforma eta estatu hitzarmenekin prekarietate eta pobrezia gehiago lelopean. Hain zuzen ere, hamazazpi urteren ostean ospatu zuten berriro ere Maiatzaren Lehena Nafarroako hiriburuan.
Ekitaldiei dagokienez, hori izan da ELAren aurtengo berrikuntza nagusia. «Aurreko urteetan, nafarrak Bilbora etortzen ziren, baina, aurten, Iruñean ere egon nahi izan dugu, gero-eta presentzia handiagoa baitugu bertan», azaldu du Gotzon Basaras Lea-Artibai eta Durangaldeko ELAren ordezkariak.
Eskualdean, eta oro har, gainontzeko eskualdeetan, aurten ere, Maiatzaren Lehenak aurpegi «konkretuak» dituela adierazi du ELAko kideak: emakumeek lan munduan jasaten duten «diskrimazioa, gero eta soldata «urriagoak», gazteei etorkizuna hemen ukatzea, negoziazio kolektiboak jasandako erasoak…
«Azken lan erreforma egin zutenetik argi eta garbi ikusten dira aipatu arazoak, negoziazio kolektiboak eraso izugarria jasan du azken urteotan. Halaber, gazteen langabeziak portzentaia oso altua du, eta asko eta asko atzerrira doaz, hemen ez dutelako etorkizunik ikusten. Bestalde, emakumeek lan munduan jasaten duten diskriminazioari ere aurre egin behar zaio».
Basarasen berbetan, Maitzaren Lehena langileen eskubideak aldarrikatzeko eta prekarietatea salatzeko ez ezik, antolakuntza kolektiboaz «kontzientzia- tzeko» eguna ere bada: «Enpresetan eta herriz herri antolatu barik gaitza da jasaten ditugun eraso eta injustizien aurka borrokatzea». Egunerokotasunean, elkarregaz borrokatzearen beharra nabarmendu du. ELAk salatu dutenez, Espainiar estatuan CCOO eta UGT sindikatuak hitzarmen asko estatalizatzen ari dira: «Hemen hitzarmen asko galdu edo sinatu ez diren bitartean, haiek estatu hitzarmenak sinatu dituzte, eta gure lan baldintzek okerrera egin dute».