Asteburuan Elantxoben ekin diote Bizkaiko Trainerilla ligari
Zapatuko lehenengo jardunaldia bertan behera utzi behar izan zuten, itsasoko baldintza txarren ondorioz, eta atzo jokatu zuten bigarren jardunaldia.
Mutiletan, senior mailan Bermeo A izan da azkarrena, 14 minutu, 40 segundo eta 46 ehuneneko denboragaz. Ondarru A sailkatu zen bigarren, hiru minutu eta 38 segundora, eta Bermeo B hirugarrena, lehenengoarengandik 21 segundo eta 54 ehunenera sailkatu zen.
Mundaka A taldeak hamaikagarren amaitu zuen estropada, 15 minutu, 52 segundo eta 43 ehunenera. Mundaka B hamaseigarrena izan zen, hamasei minutu, 27 segundo eta 58 ehuneneko denboragaz. Mundaka C, berriz, hemeretzigarren sailkatu zen, Bermeo A irabazlearengandik 2 minutu, 8 segundo eta 34 ehunenera.
Halaber, etxeko arraun taldeari dagokionez, Elantxobe A hamaulagarrena izan zen, lehenengoarengandik minutu bat eta 41 segundora. Elantxobe B, ostera, hemezortzigarren sailkatu zen, irabazlearengandik minutu bat, 52 segundo eta 64 ehunenera.
Gazte mailan, berriz, Portugalete A izan zen irabazlea; 16 minutu, 12 segundo eta 29 ehuneneko denboran amaitu zuen lehia. Harengandik 14 segundo eta 11 ehunenera sailkatu zen Portugalete B bigarrena. Zierbena izan zen hirugarrena, irabazlearengandik 30 segundo eta 81 ehunenera.
Emakumezkoetan, gazte eta senior mailan Ondarru bakarrik lehiatu zen. 19 minutu, 37 segundo eta 16 ehuneneko denbora egin zuen.
Espainiako Batel txapelketa
Bestalde, asteburuan Vigon (Galiza) lehiatu dute Espainiako Batel Txapelketa Bermeoko Arraun Elkarteko mutilek, umeen kategorian. Zapatuko sailkapen jardunaldian ez zuten lortu atzoko finalera sailkatzea.
Atzo, kontsolazio txandan bigarren sailkatu ziren, Santurtziren atzetik. Lau minutu, 52 segundo eta 61 ehuneneko denbora egin zuen Santurtzik, eta bermeotarrek, lau minutu, 55 segundo eta zortzi ehuneneko denboran amaitu zuten.