Pello Bilbao gernikarrak lidergoari eusten dio Turkiako Itzulian
Asteleheneko etapa irabazi ostean, martitzenean jarri zen lider. Jose Goncalves da sailkapeneko bigarrena, Bilbaorengandik 5 segundora; David Arroyo 13 segundora dagoAstelehenean Turkiako Itzuliko bigarren etapa irabazi zuen Pello Bilbao Caja Rural tal...
Asteleheneko etapa irabazi ostean, martitzenean jarri zen lider. Jose Goncalves da sailkapeneko bigarrena, Bilbaorengandik 5 segundora; David Arroyo 13 segundora dago
Astelehenean Turkiako Itzuliko bigarren etapa irabazi zuen Pello Bilbao Caja Rural taldeko txirrindulari gernikarrak, eta martitzenetik bera da sailkapeneko buru.Jakub Marezcko (Southeast – Venezuela) txirrindulari italiarrak irabazi zuen atzoko etapa, lau ordu, 20 minutu eta 28 segundoko denbora eginda.
Aurreko egunetan bezala, atzokoan ere esprintean erabaki zen etapa, eta 49 txirrindularik osatutako tropelean izan zen Bilbao. Gernikarra 31. sailkatu zen atzo, 5. etapan.
Beraz, irabazlearen denbora berean, Andre Greipel (Lotto-Soudal) sailkatu zen bigarren, eta Manuel Belleti (Southeast-Venezuela) etapa irabazlearen taldekidea izan zen hirugarrena helmugan.
Caja Rural, bikain
Sailkapen orokorrari dagokionez, Caja Rural taldeko hiru txirrindulari daude sailkapenaren goikaldean. Jose Goncalves portugaldarra Bilbaorengandik 5 segundora dago, eta David Arroyo espainiarra, berriz, gernikarrarengandik 13 segundora.
Caja Ruraleko txirrindulari gernikarra lasterketa bikaina egiten ari da. Domekan hasi zuten lasterketa, eta asteleheneko etapa irabazita, sailkapeneko bigarren postua eskuratu zuen, liderrarengandik 2 segundora jarriz. Gero, biharamunean, 14. amaituta lortu zuen liderraren maillota janztea.
Gaur Kumluca eta Elmali artean egingo dute Presidential Cycling Tour of Turkey 2016 lasterketaren 6. etapa. Txirrindulariek 116,9 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Bihar, berriz, Fethiye eta Marmaris artean 128,6 kilometroko etapa egingo dute.
Domekan amaituko dute lasterketa, Marmaris eta Selcuk artean 201,7 kilometro eginda.