1937an eta 2016an, kalea babesleku
Andra Mariko babeslekua zegoen tokian hasiko da gaur Lobak ekimenak deitu duen manifestazioa. Bonbardaketa unean Gernikan zegoen babeslekurik handiena zen, eta han zegoen jende gehiena hil zen.Gernika bonbardatu zuen Kondor Legioak 5.771 bonba jaurti z...
Andra Mariko babeslekua zegoen tokian hasiko da gaur Lobak ekimenak deitu duen manifestazioa. Bonbardaketa unean Gernikan zegoen babeslekurik handiena zen, eta han zegoen jende gehiena hil zen.
Gernika bonbardatu zuen Kondor Legioak 5.771 bonba jaurti zituen, eta ehunka lagun erail.Zerutik zetorren sua 1937ko apirilaren 26 hartan, eta babeslekuetara jo zuen jendeak; horietako bat zen Andra Marikoa, handiena. 146 metro koadro zituen, eta 450 pertsonentzako lekua. Berau ere bonbardatu zuten, eta babes bila hara joan ziren gehienak hil ziren; hiru pertsona baino ez ziren bizirik atera.
Bonbardaketa egunean 250 kiloko bi bonba erori ziren babeslekuaren gainera, 50 kiloko beste hainbat eta kilo bateko su-bonbak baita ere. Inguruko eraikinetako teilatuak eta fatxadak ere babeslekuan zeuden pertsonen gainera erori ziren. Izan ere, babeslekua seguruago egiteko jarri behar zituzten altzairuzko laminak ez ziren garaiz heldu. Horien ordez, harezko zakuak zeuden kalea estaltzen zuen babeslekuan. Bonbardaketan hil ez zirenak hondakinen azpian itota edo kiskalita hil zirela diote historialariek.
Regiones Devastadas-ek Gernika berreraiki zuenean, Sagrado Corazon Eskola kokatu zuen Andra Mariko babeslekua zegoen tokian. Gaur egun Turismo Bulegoa dagoen lekua eskola horretako kapera zen.
Babesleku gehiago ere baziren, Eusko Jaurlaritzak 1936ean emandako dekretuari jarraituz eraiki zituztenak. Talleres de Gernikak eta Astrak ere bazuten babeslekua. Lobak ekimenak gaurko deitu duen manifestazioak Andra Marikoa eta Astrakoa lotuko ditu. Errefuxiatuei babesa eskaintzeko aterako dira kalera, gerratik ihesi dabiltzan pertsonak Gernikan ongietorriak direla aldarrikatzeko.
Guernicatik Gernikara. Ongi Etorri leloa duen manifestazioa 20:30ean abiatuko da, Andra Mariko babeslekua zegoen tokitik, eta Astrako bunkerrean amaituko da.