Mugikor zaharrak batzeko kanpaina, Ibarrangelun
Ibarrangeluko gazteek jarri dute martxan egitasmoa. Etxean mugikor zaharrak dituztenek Kultur Etxean utzi behar dituzte. Bertan, edukiontzi bat ipini dute, eta Kultur Etxeko kideak arduratuko dira mugikorrak gazteei emateaz.
Jakitera eman dutenez, proiektu honen helburua mugikor zaharrak batu eta haien osagaiak berrerabiltzea da.
Halaber, ekimenaren sustatzaileek uste dute mineral gatazka deiturikoari irtenbide bat emateko modua ere badela: “Telefono mugikorrek funtziona dezaten mineral batzuk behar dira, eta horiek Afrikan ustitzen dira. Meatzariek lan baldintza penagarriak eta esplotazioa jasaten dituzte. Mineral gatazka deituriko arazo honetan, meategiak bertako talde armatuek kontrolatzen dituzte, eta horiek esplotatzen dituzte langileak. Talde armatuek mineralen kontrabandotik lortzen dute dirua, eta armetan inbertitzen dute, armak herritarrak kontrolatzeko erabiliz”.