Benito Ibarrola Bermeoko Udaleko zerbitzuetako zinegotziak azaldu duenez, “azken aldian altzariak eta etxetresna elektrikoak botata ikusten ari gara Bermeoko hainbat tokitan; zikinkeria sortzen dute eta herriaren irudi ona kaltetzen dute”. Hala, Bermeon bolumen handiko altzariak zein etxetresna elektrikoak biltzeko bi zerbitzu daudela gogorarazi gura die herritarrei: Garbigunea, batetik, eta etxeko bolumen handiko bilketa zerbitzua, bestetik.
Zenbait sofa kalean
Bi zerbitzu horiek
doanekoak dira herritarrentzako. Modu horretan, herritarrei horiek
erabiltzeko eskatzen die: “Ez dago zertan altzariak eta etxetresna elektrikoak kalean edozein modutan utzi behar; herria guztion artean zaindu beharra daukagu”.
Gogoratu duenez, Bermeoko Udalak Koopera Lantegi Batuen enpresaren laguntzagaz eskaintzen du
bolumen handiko altzariak biltzeko zerbitzua. Horiek batzeko eguna
eguaztena da, eta utzi gura diren altzariak
martitzen gauean utzi behar dira atari aurrean edota sastar batze puntu hurbilenean. Zerbitzu hori erabili gura dutenek, baina,
derrigorrezkoa dute aurretiaz abisua ematea telefono zenbaki honetara deituta: 94-612 11 77. Abisuak zuzenean emateko ordutegia hurrengoa da: neguan, 07:30etik 16:30era, eta udan, 07:30etik 15:30era.
Bermeon, bestalde, Garbigunea ere badagoela gogorarazi gura die herritarrei, Landabaso industriagunean dago, hain zuzen ere. Altzariak eta etxetresna elektrikoak bertara eraman daitezke, etxeko hondakinak eta antzekoak gaika batzeko zentroak baitira Garbiguneak. Bermeoko Garbigunearen telefonoa 94-618 71 86 da, eta astelehenetik barikura 09:00etatik 13:30era eta 15:30etik 18:00etara zabalik dago. Zapatuetan, berriz, 09:00etatik 13:30era zabaltzen dute.
“Gure herria garbi eta polito mantendu gura badugu, ezinbestekoa da zerbitzu hauek erabiltzea eta hondakinak dagozkien lekuetan uztea eta ez edozein lekutan botata”, adierazi du Ibarrolazak. Herritarren
inplikazioa “garrantzitsua” dela dio Bermeo garbi mantentzeko. Era berean, Bermeoko bizikidetza araudiak ere, gai hori arautzen duela gogorarazi du.