Gernika-Lumoko Berbalagunek zapatuan egingo du apirileko mendi irteera. Oraingo honetan, gainera, bonbardaketaren urteurrenarekin lotu gura izan du Berbalagunek kirol jarduera hori.
Hala, txangoa egin ostean, Astrako babeslekura bisita gidatua egingo dute, eta 1937ko apirilaren 26an gertatu zena hurbiletik ezagutzeko aukera izango dute. 12:30ean izango da bisita gidatua.
Hala ere, horren aurretik mendi irteera egingo dute berbalagunkideek. 09:00etan aterako dira Gernika-Lumoko Foru plazatik. Handik, Amillagarako bidea hartuko dute. gero, Lurgorrirtik Kanpantxura, Ajangizera eta Burgoara igo ostean, Oleskora helduko dira. Handik Gernika-Lumora sartu eta Turismo Bulegorainoko bidea egingo dute.
Turismo Bulegotik Astrara joango dira gero, babeslekua bisitatzeko.
Biharko txangoak, beraz, euskaraz eta lagun artean Gernikako bonbardaketan gertatutakoa ezagutzeko aukera paregabea emango du. Izena emateko, AEKn edo udal euskaltegian.