EH Bilduko batzarkideek Bermeoko udaletxeagatik egindako galderari erantzun zion atzo Bizkaiko Foru Aldundiko Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako diputatu Ibone Bengoetxeak. Haren esanetan,
2017ra arte “gutxienez”, ez da Bermeoko udaletxea berreraikitzeko laguntzarik egongo
:
“2016an ez dago horretarako partidarik, eta 2017an euren egoitzetan arazoak dituzten udaletarako laguntzak baldin badaude, Bermeora bideratzen den ala ez ikusi beharko da”.
Bengoetxeak, gainera, “ezeztatu” egin du egungo gobernuak “konpromisorik duenik” Bermeoko Udalagaz.
EH Bilduko batzarkide Meritxel Elgezabalek konpromiso hori “egon badagoela” erantzun zion, eta “ahalik eta arinen” udaletxea berreraikitzeko dirua emateko eskatu du, “babes bereziko kultur ondasun moduan sailkatuta dagoen eraikina berritzeko eta udalak eskaini behar dituen zerbitzuen funtzionaltasuna berreskuratzeko”.
2013ko apirilaren 11ko Alde Zaharreko suteak Bermeoko udaletxea “larriki” kaltetu zuen. Ordutik, udaletxea ezin daiteke erabilli eta han zeuden
zerbitzu guztiak Gizarte eta Kultura Etxera lekualdatu zituzten: idazkaritza, alkatetza, euskara saila, langileria eta jakinarazleak bertan aurki daitezke.
Sutea gertatu eta ea bi urtera ekin zioten Sabino Arana enparantzan kokatuta dagoen udaletxea berreskuratzeko lanen lehenengo faseari. Lan horiek, aseguruaren eta Bizkaiko Foru Aldundiak aurreikusi gabeko gastuen ataletik emandako diruarekin finantzatu zituzten, hain zuzen ere. Lehenengo fase horretan, besteak beste, eraikinaren teilatua berritu zuten, barruaren zati bat hustu eta eraikinaren egitura sendotu zuten.
Orain, baina, bigarren faseagaz hasteko diru laguntzaren zain dago Bermeoko Udala.