Nekazal eta Kontserba Azoka ospatuko dute Berriatuan, zapatuan
Erakusmahaiak 10:00etatik 14:00etara egongo dira aukeran, plazan. 25 bat ekoizle eta artisau bilduko dira. Herriko elkarteen arteko 3. Pintxo lehiaketa eta dastaketa egingo dira eguerdianBerriatua jai giroan murgiltzen hasiko da zapatuan. Beste urte ba...
Erakusmahaiak 10:00etatik 14:00etara egongo dira aukeran, plazan. 25 bat ekoizle eta artisau bilduko dira. Herriko elkarteen arteko 3. Pintxo lehiaketa eta dastaketa egingo dira eguerdian
Berriatua jai giroan murgiltzen hasiko da zapatuan. Beste urte batez, astebete beranduago hasiko diren San Gregorio jaietako motorrak berotuko dituzte herritarrek Nekazal eta Kontserba Azokan.25 ekoizle inguruk haien produkturik onenak jarriko dituzte. Erakusmahaiak 10:00etatik 14:00etara egongo dira. Besteak beste, eskualdeko ekoizle eta artisauak bilduko dira udalerriko plazan (euria eginez gero, frontoian ipiniko dituzte salmahaiak). Berriatuko, Markina-Xemeingo, Aulestiko, Gizaburuagako, Lekeitioko, Mendexako eta Ondarroako produktuak egongo dira salgai.
Arrain kontserbak, gozoak, ogiak, ahatekiak, gazta, ortuariak, txakolina, sagardoa… askotariko eskaintza egongo da. Halaber, era askoko bitxiak, arropak eta osagarriak eramango dituzte artisauek.
Beste alde batetik, Berriatuko Guraso elkarteak eta Ibilaldiak ere haien lekua edukiko dute azokan, eta Tarine udal musika eskolako Trikipand taldea azoka girotzen ibiliko da.
III. Pintxo lehiaketa
Azokagaz batera, hirugarren urtez, Berriatuko elkarteen arteko pintxo lehiaketa eta dastaketa egingo dute. 12:30etik aurrera, elkarteek prestaturiko pintxoak probatu, eta epaitzeko aukera egongo da. Izan ere, azokara bertaratzen diren herritarrek izango dute elkarteen pintxoak epaitzeko ardura.
Goxalde Elkarte Gastronomikoak, Asterrika Auzo Elkarteak, Milloi Auzo Elkarteak, Anaitasuna Jubilatuen Elkarteak, Kukulumutxu kuadrillak eta Ondarroako Ezkilintxarri Elkarte Gastronomikoak parte hartuko dute lehiaketan.
Elkarte bakoitzak 200-250 pintxo artean egin beharko ditu. Lau pintxo desberdin prestatuko dituzte, eta antxoa edo atuna izan beharko dute, hori baita baldintza bakarra.
14:30ak aldera argituko da zein den irabazlea. Aurtengo txapeldunak iazkoaren eskutik jasoko du pintxo lehiaketaren ikurrina; datorren urteko azokara arte gordeko dute elkartean.