Herri bazkaria, jolasak eta musika, Berriatuko Gazte Egunean
Zapatuan Gazte Eguna ospatzeko egun osoko jaia prestatu du Berriatuko Gazte Asanbladak. Aurten, Gazte Egun «indartsu» bat antolatu nahi izan dutela azaldu dute: «Dagoeneko Satorzulo gaztetxeak bost urte egin ditu, eta Gazte Asanblada ere hamabost ur...
Denok antolatu behar dugu zerbait, gutxi batzuk dena antolatu behar ez dezaten leloagaz, herritarrei jaia antolatzen laguntzeko eta jaian bertan murgiltzeko dei egin diete.
15:00etan bazkalduko dute, eta azaldu dutenez, bertoko produktuak izango dira protagonista. «Azoka dagoela aprobetxatuz, bazkaria bertoko produktuekin egingo dugu. Horrela, bertoko nekazari eta abeltzainei laguntzen diegu».
Hain zuzen ere, menua ondokoa izango da: patatak errioxar erara, solomoa saltsan piper gorriekin, postrea, kafea eta kopa. Era berean, bazkari begetarianoa ere egongo dela zehaztu dute.
Gaur amaituko da bazkarirako aurretik izena emateko epea. Aurretik izena emanez gero, 7 euro ordaindu behar dira. Egunean bertan izena emanez gero, ordea, 12 euro ordaindu behar dira. Bazkarirako zerrendak gaztetxean eta Urepel eta Zentrala tabernetan daude.
Bazkalostean, jolasak egingo dituzte. 17:00ak aldera hasiko dira jolasean.
Ondoren, poteo musikatuak girotuko ditu bazterrak. Motxaila Band elektrotxaranga taldearen soinuek lagunduta egingo dute erronda.
Gauean, honako kontzertuak egongo dira: Ironia (Ondarroa), Nik Khaos (Arratia-Galdakao) eta Xutik (Lapurdi-Behe Nafarroa). 22:00ak inguruan hasiko da lehengoko emanaldia.
Gazte Asanbladako kideek ez dute nahi ezerk huts egiterik, eta aurten, badaezpada, karpa bat ere ipiniko dute: «Euria egingo balu, bazkaria, jolasak eta kontzertuak karpa barruan egingo lirateke».