Akordioa erdiestea zail ikusten du, eta Espainian berriro hauteskundeak deitu beharko dituztela uste du EH Bilduko legebiltzarkideak. Gernika Sariak banatzeko ekitaldia hasi aurretik Gernika-Lumoko Lizeo antzokian egindako adierazpenetan esan duenez, abenduaren 20an hasitako “antzerkia” bere bukaerara heltzen ari da. “Antzerkia izan da, alderdi politiko guztiak beraien interes propioak lehenetsi dituztelako, gizartearen eta herritarren interesen gainetik”. Zentzu horretan, Espainia mailan gizarteak eskatzen duen aldaketa ematea zail ikusten du Urizarrek.
Hori posible egiteko borondate osoa agertu du EH Bildukoak, “gure babes osoa izango dutela eta gure ekimenak ere zentzu horretan izango dira”, esan du. Gainera, esan du, EH Bildu ez dela sekula izango, ezta Espainia mailan ezta ere, demokratizazioaren aurka egingo duen eragile bat. Hala ere, Euskal Herriko etorkizuna markatzeko erabakiak Euskal Herrian hartu behar direla esan du, eta bertan markatu behar dela euskal agenda. “Hala, dei egiten diegu eragile guztiei guxtieneko akordioak eta gutxieneko bide orri bat markatzera; uste baitugu Euskal Herriak behar duen etorkizunerako agenda hemen markatu behar dela; eta, gero, hemengo akordioak beste erakunde batzuetara eraman beharko ditugu, baita Madrilera ere”, esan du Urizarrek.