Argazkia. Caja Rural Team.
Presidential cycling tour of turkey 2016 lasterketaren bigarren etapa lau ordu, hemezortzi minutu eta 51 segundoko denboran amaitu du gernikarrak.
Gainera, gaurko lan bikainari esker, sailkapen nagusian bigarren postua eskuratu du, eta liderrarengandik sei segundora dago.
Kapadokya herrian hasi eta amaitu dute gaurko 154,1 kilometroko etapa. Jose Goncalves Bilbaoren taldekidea izan da bigarrena helmugan, eta Mauro Finetto italiarrak osatu du podiuma. Horiek Bilbaorengandik hamar segundora sailkatu dira.
Azken bost kilometroetan Caja Rural taldea izan da protagonista. Izan ere, behin eta berriro erasoan saiatu dira Bilbao bera, David Arroyo eta Ricardo Vilela.
Przemyslaw Niemiec lider
Gaurko etapan laugarren sailkatu da Przemyslaw Niemiec liderra. Atzoko lehen etapa irabazita jarri zen lider txirrindulari poloniarra. Hiru ordu, hamar minutu eta hemezortzi segundoko denboragaz nagusitu zen, eta Bilbao hamargarren helmugaratu zen, hamasei segundo eskasera.
Bihar, Aksaray eta konya artean 158,9 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek.
Domekan amaitu dute lasterketa.