Asteburuan Legution (Araba) jokatu dute txapelketa. Herenegun sailkapenak jokatu zituzten, eta atzo egin zuten txapelketa.
Busturialdeko arraun taldeei dagokienez, Bermeoko Arraun elkarteak lortu zuen zapatuan finalera sailkatzea.
Argazkia: Bermeo Urdaibai Arraun Elkartea.
Bermeotarrek bigarren egin zuten umeen mailan, mutiletan, eta Espainiako txapelketarako sailkatu dira. Zumaiako umeek irabazi zuten, lau minutu, 45 segundo eta 33 ehuneneko denboragaz. Bermeok hiru segundo eta zazpi ehunen gehiago behar izan zituen lehia amaitzeko.
Mutiletan, seniorretan, hirugarren amaitu zuen talde bermeotarrak, Zierbena irabazlearen eta Kaiku bigarrenaren atzetik. Zierbenak hamabi segundo eta 37 ehuneneko aldea atera zion Bermeori.
Argazkia: Bermeo Urdaibai Arraun Elkartea.
Halaber, mutilen kadeteen kategorian laugarren sailkatu zen Bermeo A.E. Sei minutu, 57 segundo eta hiru ehuneneko denboragaz Itsasoko Ama izan zen azkarrena. Harengandik 57 ehunenera amaitu zuen Orio bigarrenak, eta Deustuko A.T izan zen hirugarrena, irabazlearengandik sei segundo eta 66 ehunenera. Hala, Bermeoko A.E lehenengoarengandik sei minutu eta 93 ehunenera geratu zen.
Nesken umeen kategorian Hibaika izan zen onena, emakumezko etorkizunezkoak eta gazteen kategorietan Orio nagusitu zen, eta emakumezko absolutuak kategorian, ostera, Pasai Donibane Koxtapek irabazi zuen txapelketa. Era berean, gizoneko gazteak kategorian ere pasaitarrak izan ziren azkarrenak.
Bestalde, kontsolazio txandan, emakumezko etorkizunezkoak kategorian hirugarren amaitu zuten lehia Bermeoko neskek. Kategoria horretako onena San Nicolas izan zen, bost minutu, lau segundo eta 79 ehuneneko denboragaz. Harengandik 83 ehunenera sailkatu zen Tolosaldea bigarrena, eta Bermeok irabazleak baino lau segundo eta 93 ehunenen gehiago egin zituen.
Argazkia: Bermeo Urdaibai Arraun Elkartea.