Atzo eguerdian jokatu zuten basurdeek 2015-2016 denboraldiko etxeko azken partida. Asteburu honetan, Santanderren (Kantabria, Espainia) lehiatuko dute ligako azken jardunaldia, Bathco taldearen kontra. Norgehiagoka gaitza izango da, Santanderreko taldea hirugarrena baita Ohorezko mailaren sailkapenean.
Atzoko partida erabakiorra zen gernikarrentzat, eta bost puntuak Gernikan geratzeko gogor lan egin zuten.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Talde katalanak hartu zuen aurre markagailuan; Bruno Ponisiok entsegua egin, eta Juan Pablo Garciak transformatu zuen. Orduan, basurdeek erasora jo zuten, eta etengabeko ahaleginaren ostean heldu zen etxekoen lehen entsegua. Berterok transformazioan asmatuta markagailua berdintzea lortu zuen.
Etxekoak nagusitu ziren zelaian, eta handik gutxira beste entsegu bat transformatu zuen Berterok (guztira, taldearen zazpi entseguetatik sei transformatu zituen). 22-7-ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Bigarren zatian, indartsu zelairatu zen Bartzelonako taldea, eta etxekoei beren jokoa egiteko trabak jarriz. Baina, gernikarrek asmatzen jakin zuten, eta partidaren jabetza bereganatzea lortu zuten berriro. Basurdeak gozatzen zebiltzan, eta baita Urbietan batutako zaleak ere. Entseguz entsegu, pixkanaka-pixkanaka bi taldeen arteko aldea handitu zen. Bigarren zatian bost entsegu lortu zituen Gernikako taldeak.
Hala ere, Barcelona ez zegoen amore emateko prest, eta azken minutuetan aldea murrizten saiatu zen. Baina, ahaleginak alferrik izan ziren, eta azken entsegua Pietrellik egin, eta Berterok transformatu zuen, 78. minutuan.
Mailari eustea
Liga amaitzeko jardunaldi baten faltan, Gernika Rugby taldea gogor ari da lanean Ohorezko Mailari eusteko. Gaur gaurkoz, 33 puntugaz sailkapeneko azken aurreko taldea da. Hernani du aurretik, puntu kopuru berdinagaz, eta Pozuelo sailkapeneko azkenak 30 puntu ditu.
Bestalde, gainontzeko euskal taldeei dagokienez, Hernaniren aurretik Getxo Artea zortzigarrena da, eta Ampo Ordizia bederatzigarrena. Biek ala biek 39 puntu dituzte. VRAC Quesos Entrepinares da sailkapeneko buru, 93 puntugaz. El Salvador bigarrenak 78 puntu ditu, eta Bathco hirugarrenak 71 puntu.