Eguraldia ez zuten lagun izan atzo Morgan, eta horrek bisitari kopuruan eragina izan zuela esan du Pataterrixe kultur elkarteko kide Zigor Egileorrek.
Hala ere, atzoko egunak emandakoarekin pozik direla azaldu du. “Aurreko urteetan baino jende gutxiago ibili den arren, anbiente polita sortu zen herrian”, dio. Idien erakustaldiak zein aizkolari eta harri jasotzaileek plazan eskainitakoak jendetza batu zuela esan du Egileorrek. Salmenta postuetan ere izan ziren ikusle eta erosleak. Aurreko urteetan beste ez, baina salmentak ere ondo joan zirela adierazi dute azokaren antolatzaileek.
Umeei zuzendutako baserri-eskola, bestalde, arrakastatsua izan zen. Egileorrek aipatu legez, umeek gustura parte hartu zuten baserri-eskolako jardueretan.
Azoka egitea posible egin duten denei eta herrian ipini zituzten hiru txosnetan lagundu zuten herritar denei eskerrak eman gura izan dizkiete Pataterrixe kultur elkartekoek. Hurrengo urterako gogotsu daude, eta eguraldia lagun izatea eta jende gehiago hurbiltzea espero dute.