Urdaibaiko Biosfera
Erreserbako lurzoru urbanizaezinean zer jarduera egin daitezkeen arautzen duen plana eginda, orain jendaurrean jarri du Eusko Jaurlaritzak.
Hain zuzen,
Busturiko Madariaga dorretxean dagoen Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren patronatuaren egoitzan ipini dute ikusgai.
Maiatzaren 13ra bitartean kontsultatu ahal izango da Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plan berria (EKZP), horretarako prestatu duten erakusketa aretoan. Jendearentzako arreta zerbitzua asteartetik zapatura emango dute, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Plana kontsultatzeaz gain, horri
alegazioak ere egin diezaizkieke herritarrek. Horretarako
epea maiatzaren 16an amaituko dela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak.
Planarekiko alegazioren bat proposatu gura duenak idatziz aurkeztu beharko du, eta sinatuta bidali beharko du. Eusko Jaurlaritzaren publikoarentzako arreta-bulegoetan; Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren patronatuaren egoitzan (Madariaga dorretxea); hitzarmena duten herrietako udaletxeetan eta www.euskadi.eus atarian aurkeztu daitezke alegazioak.
Errealitatera egokitu
Informazio publikoaren fasea bukatutakoan, aurkeztutako alegazioak eta ekarpenak aztertu eta erantzungo ditu Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Zerbitzuak, eta, hala badagokie, dokumentuan sartuko ditu, Eusko Jaurlaritzako Kontseiluak behin betiko onar ditzan.
Dokumentuaren berrikuspen sakon baten emaitza da plan berria, Urdaibaiko Biosfera Erreserba Babesteko eta Antolatzeko 5/1989 Legeak ezarritakoaren arabera. Berrikuspenaren helburua uneko errealitatera egokitzea dela esan du Jaurlaritzak.
2010. urtean ekin zioten EKZP berrikusteko prozesuari, eta, orduz geroztik, parte hartze publikoko hiru prozesu osagarri egin dituzte.
Talde horiek egindako ekarpenak erabili dituzte gero plan berriaren edukia idazteko.