Gernika bonbardatu zutela 79 urte beteko dira datorren martitzenean, eta urteurren hori gogoratzeko kontzertu berezia hartuko du Lizeo antzokiak zapatuan. Gorka Hermosa akordeoi-jotzaileak, Kaabestri String Ensemble taldeak, Ken Zazpi taldeko abeslari Eñaut Elorrietak eta Josu Maroto margolariak parte hartuko dute musika ikuskizunean.
Kaabestri String Ensemble taldea Euskadiko Orkestra Sinfonikoko musikariekin osatuta dago, eta Gorka Hermosa musikari urretxuarraren lanak interpretatuko ditu. Hermosak berak ere joko du, bakarlari gisa. Gernika-Lumora ekarriko duten errepertorioak Gernikako bonbardaketa izango du oinarri. Hala, kontzertuari Gernika 26/04/1937 obrarekin emango diote hasiera. Mundu osoko musikariek jo duten pieza hori Gernika-Lumon lehenengoz entzuteko aukera izango dute herritarrek. Gainera, Hermosaren bi konposizioren mundu mailako estreinaldia egiteko ere baliatuko dute zapatuko kontzertua: Neotango Concerto eta Four dances from Iberia, hain zuzen ere.
Elorrieta eta ‘Gernika’
Kontzertuari amaiera borobila emateko Eñaut Elorrieta gernikarra igoko da taula gainera, Ken Zazpirekin landutako Gernika abestera.
Ekitaldi berezi horretan Josu?Maroto margolariak ere parte hartuko du. Arkitekturan lizentziatua, baina txikitatik izan du gustuko marraztea. Azken sei urteotan marrazkiaren munduan murgilduta izan da. Urban Sketchers taldeko kidea, zuzeneko marrazketan aritzen da.
Kontzertua 20:30ean hasiko da, eta sarrerak 12 euroan jarriko dituzte salgai (bazkideentzat 9 euroan).