12:00etatik aurrera, Turranko arrazako idien proba izango da ikusgai. Gatikako Xabier Gorostiolaren eta Urdulizko Jon Lekandaren idi pareek egingo dute erakustaldia.
Ondoren, 13:00ak aldera hasiko da aizkolarien eta harri jasotzaileen arteko erronka. Proba bitxia prestatu dute. Izan ere, Aitzol Atutxa aizkolaria (Atutxa II) eta Zelai IV harrijasotzailearen eta Ugaitz Mugertza (Mugertza II) aizkolariaren eta Inhar Urruzuno harrijasotzailearen kontrako ikuskizuna izango da. Kirolari bakoitza zein bere lanean ariko da, eta egin beharrekoak azkarren amaitzen dituen bikoteak irabaziko du proba.
Erronkaren ostean, 14:00ak inguruan Inaxio Perurena harrijasotzaileak erakustaldia emango du. Lehendabizi, bere abilezia erakusten ariko da, 200 kg-ko, 250 kg-ko eta 270 kg-ko harriekin. Gero, esku batekin 200 kiloko harria altxatuko du, eta amaieran, 111 kiloko harri borobilagaz emango du erakustaldia.
Umeentzat Baserri Eskola
Urtero legez, domekarako jendetza espero dute Morgako Andra Mari auzoan. 10:00ak inguruan hasita, nekazal eta artisau produktuen erakusmahaietan bertoko ekoizleen produkturik onenak eskuratzeko aukera egongo da.
Frontoi barruan egongo dira artisauak, eta kanpoaldean, berriz, nekazariak. Guztira, hemezortzi artisau postu, eta elikajai eta edarien hamalau postu jarriko dituzte. Gaztak, baserriko ogiak, pastelak, likoreak, txakolinak, sagardoak… askotarikoa izango da eskaintza.
Bestalde, 11:30etatik 13:30etara, umeentzat Baserri Eskola egingo dute. Hau da, baserriko abereak bertatik bertara ikusi, eta baserrietako egunerokotasunaren parte bat ezagutzeko aukera izango dute. Esaterako, ardiak jezten ikasiko dute, edota oiloek arrautzak zergatik erruten dituzten azalduko diete.