21. jardunaldiko norgehiagoka izango da, eta denboraldi honetan basurdeek etxean jokatzen duten ligako azken partida izango da.
12:00etan hasiko da bi taldeen arteko neurketa.
Jardunaldi erabakiorra izango da jokatuko dutena, eta Gernika Rugby taldetik Urbieta betetzeko deia egin diete gernikarrei.
Izan ere, Ohorezko Mailako sailkapenean azken aurreko postuan (hamaikagarrena da) dago talde gernikarra. 28 puntu ditu, eta Hernani sailkapeneko hamargarrenak ere 28 puntu ditu. Pozuelo taldea da sailkapeneko azkena, 26 puntugaz.
Mailari eusteko ahaleginean hil ala biziko partida da basurdeentzat. Oso garrantzitsua da etxean ahalik eta puntu gehien ateratzea eta azken jardunaldian, ezustekoa ematen saiatzea. Datorren astean amaituko dute 2015-2016 denboraldia, Santanderren (Kantabria, Espainia) Bathco-ren kontra.
Denboraldia amaitzeko bi jardunaldiren faltan, dana dago erabakitzeko, bai jaisteko eta promozioa jokatzeko postuetan, baita play off-etakoetan ere.
Sailkapenaren lehenengoen artean argi dago nortzuk borrokatuko diren titulua lortzeko, baina oraindik aldaketak egon daitezke lehenengo kanporaketa jokatuko dabenen artean (hirugarren eta seigarren postuak).
Sailkapenaren behekaldean, aipatu moduan, alde estua dago Gernika, Hernani eta CRC Pozueloren artean. Ordizia apur bat aldenduago dago, baina zeharka begiratzen die Hernaniri eta Gernikari. Hirurek 38 puntura berdinduz gero, ordiziarrek jokatuko beharko lukete promozioa, partidu gutxien irabazi dutenak direlako. Hala ere, egon litezkeen berdinketa denetan, basurdeak liratezke kaltetuenak. Horregatik,ahalik eta puntu gehien eskuratu behar dituzte azken bi jardunaldietan.
Arropa eta jostailu bilketa
Bestalde, Gabonetan eta martxoaren 19an Gernikako errugbizaleek arropak eta jostailuak batzeko egindako kanpainan emandako erantzuna ikusita, Gernika Rugby Taldeak Bizkaiko Caritas-egaz batera, arropa eta jostailu erabiliak batuko ditu domekako partiduan. Era berean, Basurde Rugby tabernan ere utzi ahalko dira.
Eman gura dituzten arropak eta jostailuak egoera onean egotea eskatu dute. Gero, Bizkaiko Caritas erakundeak banatuko du jasotako materiala beharrizana dutenen artean.