11:00etan Laga hondartzan elkartuko dira.
Izaro Water Safety & Rescue taldeak Surfrider Foundation Europe fundazioagaz elkarlanean antolatu du ekimena, eta Ibarrangeluko udalaren laguntza dute.
Garbiketa lanetan lagundu nahi dutenek
izaro@izarorescue.com helbidean izena eman behar dute, aseguru kontuak ondo lotzeko.
“Hasieran egitasmoaren inguruko azalpenak emango ditugu, ekimena zergatik antolatu dugun eta antzeko informazioa emanez, eta ondoren, elkartzen garen jende kopuruaren arabera taldeetan banatuko gara”, zehaztu dute antolatzaileek. Laga eta Laida hondartza inguruan garbitzea da helburua, eta horregatik jende nahikoa animatzea espero dute, guztia txukun-txukun uzteko.
Asmoa da bi ordu eta erdi inguru egotea kostaldea garbitzen: “Harean bakarrik ez, arkaitzetan eta sarbideetan ere arituko gara bazterrak garbitzen, hor pilatzen diren hondakinak gero itsasoan amaitzen dutelako”.
Antolatzaileek garbiketa lanetan parte hartzeko dei egin diete Ibarrangeluko zein inguruko herritarrei. Eta halaber, itsasoa eta natura maite duten guztiei zuzendutako ekintza dela ere gogora ekarri dute. “Natura babestu eta zaindu behar dela kontzientziatzeko eta haren inguruko heziketa jasotzeko ere balio du”.
Salbamendu txapelketa
Behin hondakinen bilketa amaituta, salbamendu txapelketatxoa lehiatuko dute ikasle ohiek, Lagako hondartzan, “ekimeneko parte hartzaileek salbamenduaren kirola ezagutzeko aukera izan dezaten”.
Izaro Water Safety & Rescue 2014ean Bizkaiko sorosle eta osasun profesionalek abian jarritako proiektua da. Salbamendu eta sorospenari bultzada bat emoteko asmoz sortu zuten, arlo profesionalean zein kirol arloan: “Hasieratik argi geunkan, sorosle moduan itsasoagaz eta kostaldeagaz daukagun harremana kontuan izanda, gure proiektuak naturaren babesa izan behar zuela bere baloreen artean. Horregatik, urtero gure ikasle ohi eta lagunak biltzeko egiten dugun ekimena itsaso eta kostaldeen babesarekin erlazionatuta dago. Surfrider Foundation-aren laguntzagaz, kostaldeko hondakinak biltzeko ekimena gauzatzen dugu, kostaldea garbitu eta batez ere, gizakiak itsasoan eragiten dituen kalteez ohartarazteko”.