Hazilan programak bigarren faseari ekingo dio
Busturialdean erroldatutako 20 eta 35 urte bitarteko gazteei laneratzen laguntzea du helburu nagusi Hazilan programak, eta lehenengo fasea amaituta bigarrenari ekingo dio, Kokatu faseari, hain zuzen ere. Busturialdeko 20 gazte ari dira parte hartzen, e...
Hazilan programan parte hartzen ari diren Gorka Goikoetxeak eta Leire Bergarak «oso ondo» baloratu dute programa. Biek aipatu dute unibertsitatean jorratu ez dituzten hainbat arlori buruzko informazioa jasotzeko aukera izan dutela Aktibatu fasean. Goikoetxearen arabera, «unibertsitatean ez dira talde lana, motibazioa edota komunikazioa bezalako gauzak lantzen, eta Hazilan programaren bitartez horiek landu ditugu». Besteengandik asko ikasteko aukera ere izan dutela nabarmendu dute, «era askotako lagunak batu garelako taldean».
Landutakoa «erabilgarria»
Lana bilatzeko metodo eta tresnak ezagutzeko aukera ere izan dute. Lan eskaintzen aurrean nola jokatu behar duten eta elkarrizketa pertsonaletan eduki beharreko jarrerak landu dituzte, besteren artean.
Programa «dinamikoa» dela azaldu dute, eta Aktibatu fasean landutakoa etorkizunean «erabilgarria» izango dutela uste dute.
Hilabete honetan hasiko dira gazteak inguruko enpresetan lan egiten, eta uztailera bitartean praktikak egingo dituzte; egunean lau ordu. Enpresa gehienak ertainak edo txikiak dira, eta gazteen profilen artean psikologoak, ingeniariak, historialariak, filosofoak eta goi mailako administrariak daude.