Parekide elkarteak Ghanako bizimodua erakutsi gura du Nestor Basterretxea aretoan jarri duten argazki erakusketaren bitartez. Accra hiriburuko Madina auzo txiroan (slum) ateratako argazkiak dira erakusketan ikus daitezkeenak. Kioskoetan bizi dira han, hortik erakusketaren izenburua:
Nire Kioskoa nire etxea.
Bisita gidatua egin zuten atzo
Sentsibilizazio kanpaina dela diote. Hala, erakusketa bi zatitan banatu dute; batean, boluntarioek ateratako argazkiak daude, eta bestean, berriz, bertako bizilagunek ateratakoak, “euren egunerokotasuna zein den ezagutzeko”, dio Amaia Benito Parekide elkarteko boluntarioak. Kamera bana jaso zuten 10 lagunek, 5 emakumek eta 5 gizonek. Hala, kioskoak barrutik ezagutzeko aukera dute erakusketara hurbiltzen diren horiek.
Bestalde, bertako errolda ere egin dute, bai eta inkesta bat ere. Horietatik datu “interesgarriak” atera dituztela diote: “Dibertsitate handia badago ere, pakean bizi dira, beste leku batzuetan ez bezala”.
Atzo arratsaldean egin zuten bisita gidatu bat, eta hainbat izan ziren interesa agertu zuten herritarrek. Domekara bitartean bisitatu ahalko da, 19:00etatik 21:00etara. Ondoren, Gernika-Lumoko Astrara eroango dute erakusketa; aprilaren 25etik maiatzaren 1era edukiko dute han ikusgai. Astran ere, bisita gidatua egingo dutela azaldu dute Parekidetik; apirilaren 27an izango da, 20:00etan.