Giza eskubideen babesa bultzatu beharrean, Europak neurri polizial eta militarrak aktibatu dituela salatu du Gernika-Lumoko EH Bilduk, eta errefuxiatuen eskubideak urratzen dituela etengabe. Jarrera hori “lotsagarritzat” jo du koalizioak, eta mobilizaziorako deia egin du. Gezur handi baten aurrean gaudela dio EH Bilduk: “Europak errefuxiatuen babesle gisa agertu nahi du, baina milaka pertsona noraezean daude, estatu batetik bestera kanporatuak, internamendu zentroetan sartuak, bortxatuak, desagertaraziak, jipoituak, lapurtuak eta jazarriak…”. Hori guzti hori Europaren babesarekin ari da gertatzen, EH Bilduren esanetan.
Hala, egoera horrekiko protesta egitera deitu dituzte herritarrak, eta bihar elkarretaratzea egingo dute Gernika-Lumon. Europar Batasunaren hipokrisia salatzeko eta errefuxiatuentzat babesa eskatzeko, Merkurio iturriaren aurrean batuko dira bihar, 19:30ean.