Txosten teknikoen emaitzen zain daudela adierazi du Busturialdeko Industrialdea S.A.-k, “beharrezkoak diren neurri legalak hartzeko eta ustez baserrian bizi ziren pertsonen presentzia argitzeko”. Minagotxu baserriaren jabetza Busturialdeko Industrialdea S.A.rena dela argitu du sozietateak prentsa oharrean, eta dioenez, baserria ez zuten alokairuan.
“Biktimarik egon ez izanaz pozten gara, noski. Baina baserriaren jabe izanik, eta ezbeharren inguruan antzematen diren irregulartasunak direla eta, sutea zerk piztu duen argituko duen ikerketaren emaitzen zain gaude. Ez dakigu nondik hartzen zuten argindarra han bizi zirenek, gure baimenarekin ez, behintzat. Sutea argindarra legezkoa ez den modu batean hartzeagatik zirkuitulabur batek eragin badu, nahitaez salaketa jarri beharko dugu Ertzaintzaren aurrean”, dio elkarte anonimoak.
Bestalde, beharrezko ikuskapena egiteko ere eskatu dio Busturialdeko Industrialdeak Muxikako Udalari. Eraikina hondamen egoeran dagoela egiaztatuz gero, berau eraistea proposatu dezakeela azaldu du.