Errefuxiatuen aldeko adierazpena onartu dute osoko bilkuran
Siriako errefuxiatuak bizitzen ari diren egoeraren aurrean, Bermeoko Udaleko osoko bilkurak horien aldeko adierazpena onartu du, aho batez.Hala, Europar Batasuneko estatuburuen eta gobernuburuen akordioa arbuiatzen dute onartutako adierazpenean; hain z...
Hala, Europar Batasuneko estatuburuen eta gobernuburuen akordioa arbuiatzen dute onartutako adierazpenean; hain zuzen ere, Europar Batasunera iritzitako migratzaile guztiak, babesa eskatu duten siriarrak zein beste edozein nazionalitatekoak, Turkiara itzularaztea adostu baitute. Bermeoko Udaleko alderdi politikoen arabera, «akordio hori Oinarrizko Eskubideen Kartan gorpuzten diren Batasunaren baloreen kontrakoa izateaz gain, Europako eta nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa ere bada».
Bermeoko Udalak Europar Batasunari eta estatu kideei exijitzen die «errefuxiatuek une hauetan bizi duten egoera larriari, erantzun humanitario premiazkoa ematea». Era berean, Europar Batasunaren Gobernuari eta estatu kideei eskatzen die «nazioarteko babes zuzenbideak edo Europar Batsunak giza eskubideei buruz izenpetu dituen nazioarteko hitzarmenak errespetatzen ez dituen akordio, itun edo hitzarmenak erretiratzea».
Baliabide posibleak eskaini
Bestalde, Bermeoko Udalak Euskadiko erakunde arteko lan mahaian ordezkariak dituzten administrazioei eskatzen die, «modu koordinatuan lan egin dezatela, errefuxiatuei arreta eskaintzeko eta oztopo guztiak lehenbailehen desagerrarazteko». Erabilgarri dituzten baliabide posible guztiak eskain ditzatela eskatzen dute adierazpenean, horiek «modu zorrotzean eta arduratsuan» kudeatuta; «Euskadik errefuxiatuei erantzun integrala eta iraunkorra emateko aukera izan dezan».