Eleizalde ikastola 50. urteurrenerako lelo bila dabil
Datorren ikasturtean (2016-2017) 50. urteurrena ospatuko du Eleizalde ikastolak. Hainbat dira ospakizun horren inguruan antolatzen ari diren jarduerak, horien artean lelo lehiaketa.
Lelo lehiaketa horren bitartez, 50 urte betetzearen garrantzia eta esangura agerian jarri gura dutela azaldu dute. Jakinarazi dutenez, edozeinek parte har dezake lehiaketan.
Lehiaketara aurkeztutako leloek Eleizalde ikastolaren 50. urteurrenagaz, sorreragaz, historiagaz…zerikusia eduki beharko dute. Leloagaz batera, gainera, azalpen txiki bat idatzi beharko dute parte hartzaileek, “leloaren nondik norakoak adierazita”. diote.
Parte hartu gure dutenek, apirilaren 30a izango dute lelo proposamenak aurkezteko aukera. Horiek idazkaritza aurrean jarriko duten kaxa batean utzi beharko dira, edota www.eleizaldeikastola.eus webgunean ere aurkez daitezke. Aparteko orrialde batean azalpena, egilearen ezizena eta harremanetarako telefono zenbakia aurkeztu beharko dute parte hartzaileek. Leloa paperean aurkezten baldin bada, datu guztiak gutunazal baten barruan sartu beharko direla azaldu dute antolatzaileek.
Lelo irabazlearen egileak Bermeoko kontserbekin osatutako otzara bat jasoko du saritzat.