Bermeoko Udalak "positiboan" zarratu du 2015eko aurrekontua
Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek 2015eko Bermeoko aurrekontuaren kitapenaren berri eman zuen azken osoko bilkuran. Hala, 2015eko aurrekontuaren eta diruzaintzako gerakinaren emaitza “positiboa” izan dela azaldu du: “Udal aurrekontuaren emaitza 430.4736 eurokoa da, eta 113.138 euroko diruzaintza gerakina daukagu”.
Kirol Patronatuaren kasuan ere, biak “positiboak” izan direla jakinarazi du alkateak: “Aurrekontuaren emaitza 59.672 euro izan da, eta diruzaintzako gerakina, aldiz, 169.875 eurokoa da”.
Bermeoko Gizarte Ongizaterako Udal Patronatuko aurrekontua, berriz, “negatiboan” zarratu dute, 36.099 eurotan. Hala ere, diruzaintzako gerakina positiboa dela aipatu du: 34.394 euro.
Bermeoko alkatearen arabera, “datuek erakusten dute egindako aurreikuspenak eta kudeaketa ekonomikoa oso onak izan direla”. Jakinarazi duenez, diruzaintzako egoera hobetu egin da, eta hornitzaileen ordainketa epeak ere asko hobetu dira.
Datu ekonomiko horiek “ahalegin handiak” eginda lortu direla adierazi du Bidegurenek: “Aurreikuspenetan, gastuaren kontrolean eta kobrantzatan zorroztasuna izan da nagusi”.