Atzo Sestaon lehiatu zuten Bizkaiko Batel Txapelketa, eta Busturialdeko arraun taldeen artean Bermeokoa izan zen ordezkari bakarra. Izan ere, herenegun Elantxobek eta Mundakak ez zuten lortu txapelketara sailkatzea.
Bermeoko umeek lau minutu, 46 segundo eta 24 ehuneneko denboragaz eskuratu zuten garaipena. Atzetik Arkote sailkatu zen, hiru segundo eta 57 ehunenera. Itsasoko Ama izan zen hirugarrena, hamar segundo eta 24 ehunenera.
Argazkia: Urdaibai Bermeo Arraun.
Halaber, mutiletan, kadeteen kategorian, eta nesketan ume eta kadeteen kategorian txapeldun orde geratu dira Bermeoko ordezkariak.
Nesketan, ume eta kadeteen mailan Kaiku izan zen onena, lau minutu, 56 segundo eta 86 ehunenetan lehia amaituta. Bermeo Kaikurengandik 38 ehunenera sailkatu zen, eta Portugaletek Kaikurengandik 90 ehunenera amaitu zuen lehia.
Mutilen kadeteen mailan, sei minutu, 44 segundo eta 6 ehuneneko denboragaz Itsasoko Ama izan zen lehena. Bermeotarrak bost segundo eta ehunen bakarreko aldeagaz sailkatu ziren bigarren, eta Deustu hirugarrenak, berriz, sei minutu, 52 segundo eta 52 ehuneneko denbora egin zuen.
Era berean, seniorretan hirugarren postua eskuratu zuen Bermeok. Zierbena nagusitu zen, eta Kaiku izan zen bigarrena. Irabazleak zortzi minutu, 31 segundo eta 86 ehunenetan amaitu zuen lehia. Bermeo Zierbenarengandik hemezortzi segundo eta bederatzi ehunenera sailkatu zen.
Bestalde, gazteen mailan, Kaiku izan zen azkarrena (09:10.63), eta haren atzetik Deustu (09:10.93) eta Itsasoko Ama (09:22.93) sailkatu ziren.
Nesken gazte eta senior kategorian ere Kaiku (10:13.19) izan zen irabazlea, eta Deustu (10:16-90) bigarrena. Kaikurengandik 11 segundo eta 37 ehunenera sailkatu zen Lutxana hirugarrena.